Hazkundea

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia %1,2 hazi zen 2014an

Eustatek ilbeltzean emandako datu aurreratua hamarren batean hobetu du; enpleguaren hazkundea ere berretsi du: %0,3.

xabier martin
2015eko otsailaren 25a
09:14
Entzun

Euskal ekonomian joera aldaketa dagoela berretsi dute 2014ko azken hiruhilekoaren datuek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %1,2 handitu da 2014an, Eustat Euskal Estatistika Institutuak ilbeltzeko bere datu aurreratua hamarren bat hobetu ondoren. Azken hiruhilekoan %0,7 egin zuen gora BPGk, eta %1,9 urte arteko tasan (datu aurreratuan baino bi hamrren gehiago). Oraindik hazkunde mugatua da, ahulegia urte askoan krisi sakonak eraitsitakoa ordezkatzeko. Baina 2012an eta 2013an %1,6 eta %1,2 atzera egin ondoren, ekonomia hazten ari da berriro, eta joera aldaketak abiapuntu beharko luke helburu handiagoentzat.

Ezusterik ez da izan hazkundearen datuan. Eusko Jaurlaritzak %1 inguruko hazkundea aurreikusi zuen urrian, eta kasik betean asmatu du. Ematekotan, enpleguaren datuak eman du ezustea, positiboa inondik ere, 2014. urtea %0,3ko igoerarekin itxi baita. Datu aurreratua berretsi du Eustatek. Enplegua neurtzeko lanaldi osoko lanpostu kopurua hartzen du kontuan Eustatek, eta 2014ko azken hiruhilekoan %1 handiagoa zen kopuru hori 2013ko aldi berean baino. 2008tik ez da izan enpleguaren hazkunderik urteko datu pilatuan.

2014ko enpleguaren datua positiboa izanda ere, hazkundea urria da oraindik, baina lanpostu galerari galga jarri zaiola esan daiteke. Azken hiruhilekoan %0,5ekoa izan da gorakada urtearteko tasan, eta urtebete kontuan hartzen duen tasa horretan hirugarren hiruhilekoa da segidan emaitza positiboarekin.

Lurraldeka, Gipuzkoa izan da gehien hazi dena 2014an EAEn, %1,4 hain zuzen; Araban eta Bizkaian Barne Produktu Gordina %1,1 besterik ez da igo. Eraikuntza salbu, gainontzeko sektore handi guztietan egon da hazkundea. Lehen sektoreak %5,5eko gorakada izan du; zerbitzuek %1,5ekoa;  eta industriak %1ekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.