Estatitistika erakundeek langabeekin egiten duten bezala, Confebaskek ere hilero ematen ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresa ehunari buruzko datuak. Itxaropentsuak izan ziren aurreko hiru txostenak, Gizarte Segurantzan izena emandako enpresa kopurua gehitu egin zela baitzioten. Abenduak zapuztu ditu, ordea, itxaropen horiek guztiak, joera aldaketa datorrela esateko goizegi dela erakutsi baitu. Hain zuzen, 291 enpresa desagertu ziren iazko azken hilabetean, 2008tik izandako abendurik txarrena izan zen. Guztira 1.200 enpresa galdu ziren 2013an, eta krisia hasi zenetik, ia 7.500 (2008an zeudenen %11,8).
Enpresentzat baino hobea izan da abendua autonomoentzat, 300 gehiago zeuden erregistratuta. Dena den, urtea txarra izan da, ia 700 autonomok utzi dute jarduera eta krisia hasi zenetik 16.600 gutxiago daude. Hartzekodunen konkurtsora jo dutenei buruzko azken datuak iazko hirugarren hiruhilekokoak dira. Irailera bitartean, 473k egin zuten hautu hori, aurreko urtean baino %15,1 gehiagok.
Confebasken esanetan, "ezinbestekoa eta presazkoa" da ekonomia suspertzeko pizgarriak intentsifikatzea, "horrek jarriko diolako galga sortutako hondatzeari, eta horrek eragingo duelako lanpostuak sortzea eta mantentzea".