Lan merkatua

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan iaz sortutako lanpostuen %80 emakumeentzat izan ziren

Sortu diren lanpostu horien zati handi bat behin-behinekoa dela nabarmendu du EHUk egindako Euskadiko Lan Txostenak. Lanpostu horiek eskuratzen dituzten pertsonen profila gaztea eta andrazkoa da.

Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko urtarrilaren 30a
13:31
Entzun

2017an, lanean ari ziren 14.000 pertsona gehiago zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Horietatik %80 emakumezkoak ziren, eta, horregatik, esan daiteke iaz sortu ziren lanpostuetan kolektibo hori atera zela irabazten. Hala adierazi du behintzat, gaur goizean, Sara de la Ricak, EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakasle eta Euskadiko Lan Txostenaren koordinatzaileak. “Lanpostu sorreran emakumeek etekin gehiago atera dute, baita gazteek ere”.

Baina hazkunde horrek ez du kalitatezko lanposturik ekarri, edo ez behintzat egonkorrik. Izan ere, behin-behinekotasunak gora egin zuen joan den urtean. Iaz lanean ari ziren beharginen artean %26k ez zuten kontratu egonkorrik, eta urtebete lehenago, berriz, %23,5 ziren. Gora egin du ratioak, eta Europako datuetatik oso gora dagoela nabarmendu du De la Ricak. Izan ere, Europan batez beste %10ean egon ohi dira behin-behineko kontratuak. Sortu den lanpostu berrien erradiografia bat egin beharko balitz, beraz, halakoa litzateke: behin-behinekoa, eta emakume gazteek eskuratu dutena.

Lanpostu berriak sortzeak berarekin dakar langabezia tasaren jaitsiera. Iaz, 18.000 langabe gutxiago zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eta lanpostu berriak emakumeen eskutik sortu baziren, horrek berarekin ekarri du horien artean langabe gutxiago egotea. Iaz, kolektibo horren %47,5 ziren emakumezkoak. Langabezia tasa %12,5etik %10,6ra jaitsi zen urte batean.

Baina langabeen artean kronifikatzen ari den sektore bat ere badago, iraupen luzekoena. 2017an lau puntu jaitsi zen horien zenbatekoa, baina %60 izaten jarraitzen zuen. “Egia da jaitsi egin dela horien kopurua, baina oraindik altuegia da, egiturazkoa bihurtzeko arriskua baitauka”. Eta antzeko langabezia tasa duen Nafarroarekin alderatu du iraupen luzeko langabeen kopurua, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egoera gordinagoa dela erakusteko. Izan ere, Nafarroan sektore horren kopurua %44koa izan zen iaz. “Euskadin arazo handi bat da hau oraindik”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.