Krisia dela-eta Arabako enpresen %48k ez dakite iraungo duten datozen hilabeteetan, eta luze gabe lantaldeetan murrizketa gehiago egingo dituzte. Ondorio hori atera du SEA Arabako enpresaburuen elkarteak herrialdeko 300 konpainiei egindako elkarrizketetatik, Juan Ugarte idazkari nagusiak eta Aitor Otaola zuzendariaren albokoak gaur Gasteizen esan dutenez.
Iazko urrian egin zuen SEAk aurreko azterketa, eta Ugartek adierazi du ordutik "egoera asko okertu" dela. "Eskaera %28 jaitsi da, eta fakturazioa %24 murriztu da". Arabako enpresen %64k uste dute herrialdeko ekonomia atzeraldian dagoela —lehengo azterketan %44k pentsatzen zuten hori—, eta, %69ren iritziz, egoera okertzen joango da.
Arabako enpresaburuen elkartearen arabera, eraikuntza eta egurraren arloek jasango dute gehien krisia, batik bat.
SEAk sindikatuei ohartarazi die greba orokorrekin ez dela ezer lortzen eta onartzeko aldaketak. "Gezurra dirudi sindikatuek oraindik [Espainiako Estatuan] bost milioi langabe sortu dituen eredua babestea".
Erakunde publikoei laguntza handiagoa galdegin diete (inbertsio publikoa, pizgarri izan daitezkeen neurriak...), eta finantza erakundeei, berriz, mailegua emateko erraztasunak.