Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak "ahal duen guztia" egingo du Arabako Errioxa "berreskuratzeko", Gonzalezek berak esan duenez, Arabako Bartzar Nagusietan. Errioxa izendapenak, zeinak Logroñon (Espainia) baitu egoitza nagusia, Toloñoko mendilerrotik Ebro ibaira doan eskualdeari erreparatzen dion marka erregistratu zuen duela 20 urte, hura Espainian ustiatzeko. Eta, oirain gutxi, Arabako Errioxa marka Europako Patente eta Marken Bulegoan erregistratu du, Europan ere marka hori ustiatzeko Errioxa sor-markak nahi eran, merchandising-erako, alkoholik gabeko edarietarako oro har —kafea, tea...—, eta ardoaz besteko edari alkoholdunetarako.
EH Bilduk gogor salatu zuen irail honetan Errioxako izendapenak, Euskal Herriko eskualdeari erreparatzen dion markaren jabe izateaz gain, Europan ere horrela izateko egin duen urratsa, eta Arabako Diputazioari esku hartzeko exijitu zion. Bada, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak marka berreskuratzeko lanean jardungo duela agindu du gaur. "Arabako eta arabarren hondasuna dena haien esku egon dadin lanean gaude etengabe", esan du; "euskal erakundeetan ezin dugu ulertu Errioxako izendapenak eskubide hori beretzat hartu izana. Erakunde hori bere eskuduntzetatik harago joan da ardoaren sustapen eta salmenta arloetan".
Helegitea jarrita dago
Era berean, azaldu du partikular batek edota erkidego batek ezin duela erregistratu erkidego horri erreparatzen dion izena; "erkidegoaren eskualde batekin beste hainbeste izan beharko luke". Gogoratu du Guardia-Arabako Errioxako Kuadrillak helegite bat aurkeztu duela Errioxa izendapenak egindako marka erregistroaren aurka, eta ez du baztertu horrekin bat egitea, hala Arabako Diputazioak nola Eusko Jaurlaritzak berak.
Helegite hori bakarrik kuadrillak egitea erabaki zutela esplikatu du Ramirok, eta denen artean eta aholkularitza juridikoarekin hartu zela erabakia, "egokiena" zelako haren argumentuari oinarria emateko. "Horrek ez du esan nahi diputazioak ez duela erregistro horren aurkako ekintzarik egingo. Ezin da ahaztu foru erakunde honek aurreko urtean birritan lortu zuela izendapenak Arabako Errioxa marka ez baliatzea arropan eta aisialdi produktuetan".
Uzta bilketa martxan da
Bestalde, Errioxako izendapenak gaur bertan esan duenez, uzta bilketa martxan dago sor-markaren eskualde guztietan, baita Arabako Errioxan ere. Mahastien osasuna ona dela dio, eta upategietan sartzen ari den produktuaren analisia ona dela, halaber. Arabako Errioxan, mahatsaren pisua batez bestekoan dago, baina beheko tartean. Mahats ale gutxiago dauzka mordo bakoitzak, eta horrek azaltzen du aldagai hori.