Ardoa

Arabako Errioxako upategiek ez dute baztertzen sor-markatik irtetea

ABRA Arabako Errioxako ardogileen elkartea prest legoke Errioxa sor-markaren "txapelaren" babesetik kanpo bide berriak jorratzeko. Laguntza eta babesa eskatu die alderdiei eta instituzioei.

Jon Fernandez.
2015eko ekainaren 4a
13:52
Entzun

"Gogoratu beharra dago bide ugari daudela txapel horren azpitik kanpo [Errioxa sor-markaz ari da], bide egingarriak, legezkoak eta bideragarriak. Gure mahastiak, upategiak eta eskualdea hiltzen ikusi baino lehen ez genuke zalantzarik izango bide horiek hartzeko". Agiri batean azaldu du bere jarrera ABRA Arabako Errioxako ardogileen elkarteak. Maiatzean Juan Carlos Lopez de la Callek Berria-ri iragarri zion Artadi upategia Errioxa sor-markatik aterako dela, "beranduenez abenduaren 31n". Arabako Errioxako ardoentzat  'Araba' izeneko sor-marka propio bat sortzearen aldekoa da Artadi upategiko jabea. 

Arabako Errioxako 120 upategi biltzen ditu ABRAk. "Guztion artean, elkartekoak izan ez arren gure filosofia bera dutenak ere kontuan hartuta, 500 familiaz ari gara berbetan, 5.000 hektareaz, eskualdeko 316 kilometro koadrotaz. Eta beharbada kalkulua motz geratzen da". 

Arabako ardogileek 'Arabako Errioxa' identifikazioa jarri nahi dute euren ardo botiletan, baina Errioxa sor-markak ez die lagatzen. ABRAk azaldu du Errioxa sor-markak ardoa egiteko eredu ezberdinak biltzen dituela bere baitan, eta horiek bereiztu egin behar liratekeela, kontsumitzaileen mesederako, baina baita Arabako ardogileen mesederako ere. Errioxako beste eskualde batzuetan "produkzio masibora bideratutako negozio eredua daukate, beste eskualdeetako mahatsaren salerosketa generikoan oinarrituta". 

Arabako Errioxako ardogileen eredua bestelakoa da: upategi txikiagoak dira, mahasti gutxiagorekin eta ekoizpen masiborik barik. Baldintza geografikoak eta klimatikoak ere bereziak dira, Ebro ibaiaren eta Toloño mendilerroaren artean kokatuta dagoelako Arabako Errioxa. Orain arteko eredu jasangarriari eutsi nahi diote ABRAko upategiek: "Gure enpresen hazkundea ezin da bolumenean oinarritu, naturak bedeinkatutako gure kokapenak ahalbidetzen digun kalitatean baizik".

Errioxa sor-marka "txapel handia" dela uste du ABRAk, eta hain zuzen horregatik inoiz baino beharrezkoago ikusten du zonifikazioaren beharra (Errioxa Garaia, Beherea eta Arabako Errioxa) produktu bakoitzari dagokion balioa emateko. "Kontsumitzaileek gure ardoei buruzko informazio gehiago eta hobea eskatzen dute, produktu bereziak nahi dituzte".

Eskerrak eta eskaerak politikariei

ABRAk eta UAGA sindikatuak —Eusko Jaurlaritzaren babesaerekin— behin eta berriz eskatu dute Errioxa sor-markaren kontseilu arautzailean Arabako ardoak etiketan bereiztea, baina behin eta berriz itxi diote atea. Azken hilabeteotan azkeneko aldiz. "Pena da denontzat onak liratekeen aldaketak egiteko pentsamolderik ez edukitzea Errioxako sektore batek. Izan ere, gaia beste behin ere bertan behera geratu da, eta konponbiderako aukera barik". 

ABRAk gaineratu du Errioxa sor-markaren barruan badaudela aukerak Arabako upategien egoera hobetzeko, eta hori dela bere nahia, baina sor-markak entzungor eta harresi gisa jarraituz gero, hortik kanpo ere aritzeko prestutasuna agertu du. "Sektorea hobetzeko eta garapen egokia bilatzeko" Eusko Jaurlaritzarengandik jasotako babesa eskertu du ABRAk, eta erakunde guztie eskatu die sektorea babesteko. 

Azken hilabeteetan alderdi politikoek sektorearekiko erakutsi duten interesa ere eskeru du ardogile arabarren elkarteak, eta aurrerantzean ere "interes eta babes" horrekin jarraitzea espero du. "Denei dei egiten diegu gurekin harremanetan jar daitezen, denon artean, ezagutzaz eta zorroztasunez, Arabako Errioxarentzako diagnostiko onenera irits gaitezen". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.