Hiriko proiektuaren patenteen kudeaketan ondasunak ostentzeko delitua egon zitekeela ohartarazi zuen duela bi aste EH bilduk, eta, salaketa horren ondorioz, Arabako fiskal nagusiak ikerketa auzibideak ireki dituela jakinarazi du gaur Igor Lopez de Munain koalizioko legebiltzarkideak. Hiriko proiektuaren patenteak 16 milioi euroko kostua izan du diru kutxa publikoarentzat, auzi hori eta Epsilon proiektua ikertu duen batzorde parlamentarioaren ondorio txostenaren arabera; fiskaltzak delitu zantzuak daudela egiaztatu du orain. Hala, auto elektrikoaren proiektua sustatu zuen Afypaida enpresari patenteen erreferentziak eskatu dizkio, horiei buruz bere liburu nagusian agertzen diren oharrak eta bere kontu ekonomikoen eta auditorien kopiak, Afypaida sortu zenetik gaur arte.
EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, "Jaurlaritzari eta EAJri gustatu ala ez, fiskaltzaren erabakiak berretsi du salaketak oinarri argia" zeukala; Lopez de Munainen iritziz, "fiskalak eginbideak ireki baldin baditu, delitu zantzuak ikusi dituelako da”. Aurreko asteetan egindako salaketa nagusia errepikatu du berriro gaur: “Diru publikoaz soilik finantzatutako patenteei EAJren inguruko esku pribatu gutxi batzuek aterako diete etekina”.
Dimisio eskaera zuzenak
EH Bilduk izen-abizenak nahi zituen Carmelo Barrio ikerketa batzordearen presidenteak idatzitako txostenean, baina izenak ez, erakundeak baizik ez dira azaltzen aurreko astean onartutako agirian, diru publikoa alferrik galtzearen erantzukizunak aipatzean. EH BIlduk gehiago nahi du. "Fiskalaren erabakiak agerian utzi ditu berriro ere irregulartasunak, EAJko enpresari batzuen eta Administrazioaren arteko harreman pribilegiatua laguntza publikoak bidegabeki eskuratzeko eta Arantza Tapia sailburuaren utzikeria, hark utzi baitio Afypaidari diru publikoaz bakarrik finantzatutako proiektua deskapitalizatzen". EH Bilduko legebiltzarkidearen dimisio eskaerak argiak eta zuzenak izan dira: "Tapiak kargua utzi beharko luke berehala operazio hori ahalbidetzeagatik, eta Ana Agirre Justizia sailburuordeak berdin egin beharko luke Epsilon auziagatik".