Arabako Diputazioko oposizioko alderdiek —EAJ, PSE-EE, Bildu eta EBk— gogor salatu dituzte, gaur, AENAk Forondako aireportuan egin nahi dituen murrizketak. Gasteizen eman duten prentsaurreko bateratuan, "aireportuaren etorkizuna arriskuan" egon daitekeela azpimarratu dute. Espainiako Estatuko aireportuak kudeatzen dituen sozietate publikoak, AENA Aeropuertosek, eta Sustapen Ministerioak azpiegituraren ordutegia bi heren murriztuko dutela jakinarazi zuten pasa den ekainaren 28an. Era honetan, aireportua zortzi ordu eta erdiz "bakarrik" egongo da irekita, eta "gauez, bidaiararirik apenas ez dabilenean", salatu du oposizioak.
Hori dela eta, oposizioko alderdiek Javier de Andres ahaldun nagusiari Forondako aireportuaren etorkizuna babesteko ez borrokatu izana egotzi zioten orduan. Atzo galdera egin zioten Batzar Nagusietan eta gaur "alderdikerian" aritu izana eta "arabarren interesak ez babestea" leporatu diote.
AENAk, gainera, Forondako langileen kopurua %80 gutxituko duela iragarri zuen ekainaren hasieran. Hala, ehun lanpostu zuzen eta zeharkako zazpiehun arriskuan daudela gogoratu du oposizioak prentsaurrekoan. Hori saihesteko, Aldundiari eskatu diote Eusko Jaurlaritzak azpiegitura hobetzeko aurreikusitako inbertsioak "aireportua orain arte bezala 24 orduz zabalik mantentzearren" erabili ditzala, eta "ez eraikinean aldaketak egiteko". Espainiako Gobernuari ere horretarako "ahalegina" eskatu diote.
Galerak saihestea helburu
Ana Pastor Sustapen ministroak Espainiako Estatuko aireportuen galeren aurkako plana aurkeztu zuen ekainean. Helburua AENAk hainbat aireportutan sortutako 70 milioi euroko zuloa —Forondan 10,2koa, Noainen 7,7koa eta bostetik gorakoa Hondarribiakoan— gutxitzea da. Bostehun mila bidaiaritik behera dituzten aireportuetan egingo dira egokitzapenak, tartean aipatutako hiruretan. Pastorrek erabakia "iraganeko gehiegikerien eta egungo krisiaren" ondorioa dela esan zuen, eta AENAk orotara 15.000 milioi euroko zorra itzuli beharra duela. Aireportuak ez ixteko erabakiok beharrezkoak direla azpimarratu zuen. "Eskaintza benetako eskariari egokitu behar zaio" esanda amaitu zuen.