Araban, erregulazioen aurka mobilizazio bateratuak bultzatuko ditu LABek

Dosierretan dauden langileei elkarrekin protesta egiteko aukera eman nahi die, hamabostean behin

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2009ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Erregulazio eskaera indarrean duten enpresetako langileei elkarrekin mobilizatzeko aukera eskaini nahi die LABek Araban. Sindikatuak lantoki horietan dituen ordezkariek prestatu dute ekimena, baina nahi adina batzorde, enpresa edo sail sindikal biltzeko borondatea du. Helburu nagusia dosierren eraginez lanean ari ez diren beharginak kalera ateratzea da.

«Erregulazio eskaera batek ez du esan nahi festa egun batzuk izatea edo oporretan egotea», azaldu du Santi Diaz de Espada LABeko ordezkariak. Araban, hain zuzen ere, irailetik aurrera beste dosier olde bat iritsi dela salatu zuen Diaz de Espadak, baldintza okerragoekin. «Luzeagoak dira, soldatak osatzeko diru gutxi ematen ari dira, eta, kasu askotan, kaleratzeak bilatzen dituzte». Eragindako langileen kopurua ere handitzen ari da enpresa batzuetan. Hegal, Moasa, Mercedes, Cavaca, Kemen eta Condesa Fabril dosierrekin daude.

Eusko Jaurlaritzak adierazi du erregulazioen erritmoa moteldu egin dela, eta 13.000 langile baino gehiago lantokietara itzuli direla. LABen ustez, ordea, herrialdeko ekonomian ez dago inolako kimu berderik. Hain zuzen ere, 19.000 langabe baino gehiago daude, eta Lehiaketa Legearen ezarpena eta itxiera patronalak «ugaritzen» ari direla nabarmendu du.

Lehenbiziko mobilizazioa gaur goizean izango da. 11:30ean elkarretaratzea egingo dute Posta plazan, SEA patronalaren egoitzaren aurrean. Ondoren, manifestazioa egingo dute administrazio publikoen egoitzen paretik, eta amaiera Lan Ordezkaritzaren aurrean izango da, Samaniego kalean. «Administrazioek beti enpresen mesederako egiten ari diren lana salatu, eta politiketan benetako aldaketa bat eskatuko dugu», argitu du sindikatuak.

Hasiera batean, mobilizazioak bi astean behin egiteko aukera aztertzen ari dira. Ostirala aukeratu dute, erregulazio bakoitzak berezitasunak dituen arren, enpresa asko egun horretan geldirik daudelako. Edonola ere, lantoki bakoitzean ematen ari diren protestak osatzeko asmoa dutela azaldu du LABek, ez ordezkatzeko.

Kaleratzeak Pasaian

Arabatik kanpo ere krisiaren ondorioek ez dute etenik. Esaterako, Pasaiako Sobrinos de Manuel Camara enpresako zuzendaritzak hamabost langile kaleratzeko asmoa iragarri du. Portuan ari den konpainia kontsignatario eta zamaketari horren egoera azaltzeko prentsaurrekora deitu du gaur langile batzordeak.

Bien bitartean, Gamesak Azkoienen (Nafarroa) duen lantokiaren itxieraren ondorioz, hainbat langile lekualdatuko dituzte, eta aurretik zituzten baldintzak ez aldatzeko eskatu dio CCOOk enpresari. Guztira, 40 dira, erdiak Soriara bidaliko dituzte, beste hamar Tuterara eta gainerakoak Nafarroako beste lantegi batzuetan banatuko dituzte. CCOOren arabera, diru galerak izango dituzte lantokiz aldatzen badira.



Oiartzungo Onity enpresak 21 lagun kaleratzeko dosierra eskatuko du

Onity enpresak 21 lagun kaleratzeko baimena eskatu nahi dio Lan Agintaritzari. Oiartzungo enpresa hori gaur egun UTC multinazionalaren eskuetan dago, eta sarraila elektronikoak ekoizten ditu, hoteletan erabiltzeko batez ere. Zuzendaritzaren asmoa produkzio lana bertan behera uztea da, eta Gipuzkoan soilik Txinan egiten den produktuaren salmenta eta banaketa egingo litzateke. Hala balitz, enpresaren geroa «kolokan» geratuko dela uste dute, eta hori gerta ez dadin bideragarritasun plan bat aurkezteko eskatu diete jabeei. Gaur egun, 75 lagun ari dira beharrean Oiartzungo lantokian, eta kaleratu nahi dituzten guztiak, 21 pertsona, emakumeak dira. Langile batzordeak adierazi duenez, Gipuzkoan ekoizten diren produktuak ez dira Txinan baino garestiagoak, eta ez dago arrazoi ekonomikorik dosierra onartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.