Araban eta Gipuzkoan onar daitezke jada errenta aitorpenaren proposamenak

Nafarroan bihar hasiko da epea, eta Bizkaian, etzi. Araban jaso baino 40 milioi euro gehiago itzuliko ditu ogasunak, eta Gipuzkoan, 53 milioi gehiago.

Gipuzkoako Ogasunaren bulego bat Donostian, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Gipuzkoako Ogasunaren bulego bat Donostian, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko apirilaren 8a
09:20
Entzun

2023. urteko errenta aitorpenak onar daitezke jada Araban eta Gipuzkoan. Bi ogasunek bidali dituzte autolikidazio proposamenak, eta zergadunek onartzeko edo aldatzeko aukera dute. Nafarroan bihar hasiko da kanpaina, eta Bizkaian, etzi.

Arabari dagokionez, aitorpena egin behar duten 193.000 lagunen %77k eginda jasoko dute proposamena. Horietako 10etik 7ri, printzipioz, dirua itzuliko diete, batez beste 1.220 euro. Onartuz gero, 48 orduko epean jasoko dute dirua. Proposamenik jaso ez duten zergadunek gaurtik egin dezakete Internet bidez, eta apirilaren 16tik aitzina Ogasunaren bulegoetan.

Denera, Arabako Foru Ogasunak aurreikusi du 159,2 milioi euro itzuliko dituela eta 119,2 milioi jasoko dituela. 40 milioi euro zergadunen mesedetan, beraz. Iaz baino 15 milioi gehiago dira. Ekainaren 25ean amaituko da epea.

Gipuzkoan, berriz, 275.900 pertsonak dute autolikidazio proposamena onartzeko edo aldatzeko aukera gaurtik. Horietatik 195.050ek dirua bueltan jasoko dute, eta 80.850ek ordaindu egin beharko dute. Herrialde horretan uztailaren 1ean bukatuko da kanpaina.

Printzipioz, Gipuzkoako Ogasunak 358 milioi euro itzuliko ditu aurten, eta 305 milioi euro jaso; hau da, ia 53 milioi euro zergadunen mesedetan.

Bihar eta etzi

Nafarroako Foru Ogasunak bihar bidaliko ditu 215.606 proposamen, horietatik 123.433 dirua itzultzeko. Hilaren 15etik aurrera onartu edo aldatu ahalko dira aurrez aurre, ekainaren 27ra arte.

Bizkaian etzi hasiko da kanpaina, eta ekainaren 28an amaitu.

Mutualistei dirua itzuliko diete

Aurten, foru ogasunek 1979. urtera arte mutualitate batean kotizatu zuten pentsiodunei orduan jarritako diruaren parte bat itzuliko diete. Gipuzkoako aldundiak pasa den astean esan zuenez, gutxi gorabehera 100.000 lagunen artean 40 milioi euro banatuko dituzte. Arabak, berriz, hamabost milioi itzuliko dizkie 30.000 pentsioduni. Espainiako Auzitegi Gorenaren epai bat beteko dute hala.

Nafarroan, ordea, 1969tik 1979ra mutualitate batean kotizatu zutenek errenta kanpaina amaitu arte itxaron beharko dute kotizatutako diruaren parte bat jasotzeko. Gobernuak azaldu du legez ezin duela batera egin, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.