Ez da batere gozoa erremolatxarekin aritzen diren Arabako nekazarien egoera. Produktu horren salneurria gain behera doa azken urteetan, eta iritsi da egoera bat non nekazariek ez duten ikusten errentagarritasun gutxieneko bat ateratzeko modurik. UAGA Arabako Nekazarien Elkarteak salatu du Miranda Ebroko (Burgos, Espainia) Azucarera enpresak bideragarriak ez diren prezioak eskaini dizkiela laborariei. Hark finkatutakoa onartuko balute erremolatxa hektarea bakoitzeko 500 euro galduko lituzketela kalkulatu du sindikatuak. Hala, landare hori ereiteari uzteko erabakia hartu dute.
UAGAk esplikatu du landatzeari uzteko erabakia ia aho batez hartu zela Erremolatxa Sektoreko Batzar Nagusian; han elkartutako nekazari guztiek egin zutela neurri horren alde, salbu eta abstentziora jo zuen batek. Hastear den bilketaren atariko bilera izan zen batzarra, eta, datorren sasoiari begira, berriro ez landatzea erabaki zen, Miranda Ebroko Azucarerak tonako 26 euro eskaini dituelako. Kopuru hori handitu ahal izango litzateke, azukreak Europako merkatuetan lortzen dituen prezioen arabera.
Kontua da ekoizpen kostuak 3.000 eurokoak direla hektareako, eta, 90 tonako batez besteko ekoizpena aintzat hartzen bada, emaitza 500 euroko galera izango litzatekeela laborarientzat, hektareako 26 euroko prezioarekin eta 1,60 euroko osagarri batekin. Alegia, ez du merezi.
30 euroko langa
UAGAk dio azukre enpresak ez diola azken prezioa ezarri osagarriari, eta beheranzko joera duela azken boladan. Nekazariek kalkuluak egin dituzte, eta gutxieneko errentagarritasuna 30 euroan finkatu dute hektareako. Mehatxu argi bat ere egin diote Miranda Ebroko enpresari: aurten kontratatu dituzten hektarea guztien %35 enpresa horrenak dira, eta haiek ereiteari uzten badiote, enpresaren geroa ilunduko litzateke akaso.
UAGAko nekazariek 1.074 hektarea erremolatxa landatu dituzte guztira; beraz, 376 hektarea alokatzeko geratuko litzaizkioke azukre enpresari.
UAGAk erremolatxaren ordezko bat topatu beharko luke; «jarraitu nahi dugu, baina ez edozein preziotan».