Aralar eta gizarte talde batzuk batu zaizkio larunbateko deiari

Madrilgo gobernuaren proposamenez gain, euskal administrazioek egindakoak ere salatu ditu Jon Abrilek

Erredakzioa
Donostia
2010eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Larunbatean gehiengo sindikalak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo dituen manifestazioetara joateko deia egin du Aralarrek, eta ordezkaritza zabala bidaliko duela jakinarazi du. Protesta egunarekin bat egin dute Ekologistak Martxan, Bilgune Feminista eta beste 11 gizarte taldek ere.

Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak adierazi duenez, «krisia ez dute langileek sortu, eta, beraz, ez dute langileek ordaindu behar. Krisi honetako kaltetuenak langileak izaten ari dira, eta administrazioek hartu dituzten neurriak langileen interesen eta eskubideen kontra doaz. Neurri horiek indarrean dagoen sistema bermatzen segitzea proposatzen dute. Horrek kalera ateratzera behartzen gaitu».

Euskal Herriko gehiengo sindikalaren iritzia kontuan hartu gabe, edo «iritziaren kontra», Espainian hainbat neurri hartzen ari direla salatu du Aralarrek. Baina Euskal Herriko administrazioek ere «neurri okerrak», hartu dituztela ziurtatu du Abrilek, besteak beste, zerga sistemanegindako aldaketak eta enplegu erregulazio espedienteak «sistematikoki onartzea».

Lan merkatua eta pentsio sistema erreformatzeko proposamen guztiak atzera botatzeko eskatu zuten atzo Ekologistak Martxaneko Pilar Barquinek eta Bilgune Feministako Miren Arangurenek, beste hainbat talderen izenean. Aberastasuna hobeto banatzea, zerga sistema bidezkoagoaeta gizarte babesa eta lan eskubideak handitzeko erreformak exijitu dituzte, besteak beste, Eguzki, Elkartzen, Herria 2000 Eliza, Mugarik Gabe, Etxeko Langileen Elkartea, Pangea eta Kira elkarteek.



Manifestazioak

Bilbo. Sindikatuetako buruak han direla, 17:30ean abiatuko da Jesusen Bihotza plazatik.

Donostia. Bulebarretik, 17:30ean.

Gasteiz. Bilbo plazatik, 18:30ean.

Iruñea. Gazteluko plazatik, 18:00ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.