Ekonomia

Aralarrek ez du EAko ordezkariaren aldeko botorik emango CANen

Maiorga Ramirez Nafarroako EAko presidente eta NaBaiko kideak batzar orokorrean alderdiaren ordezkari izateko bere burua aurkeztu izanak polemika eragin du koalizioan. Hilaren 17an izango da bozketa, eta koalizioak ezin du dagoeneko beste hautagairik aurkeztu.

2008ko apirilaren 4a
15:57
Entzun
Nafarroako Kutxako (CAN) administrazio kontseiluko karguak hautatzeko bozketan ez du Nafarroa Bai koalizioak (Aralar, EA, EAJ, Batzarre) jarrera bateraturik emango, Maiorga Ramirez Nafarroako EAko presidente eta NaBaiko kideak batzar orokorrean alderdiaren ordezkari izateko bere burua aurkeztu izanak polemika eragin baitu. Gaur Aralarrek jakinarazi duenez, ez du Ramirezen alde bozkatuko hilaren 17an. Nafarroa Baik bilera egingo du hurrengo ostegunean. Koalizioak ezin du dagoeneko, ordea, beste hautagairik aurkeztu.

Ioseba Ezeolaza Batzarreko eta NaBaiko kideak adierazi du "lasaitasunez" aztertu behar dela hori, "baina baita iraganean gertatutakoa ere, sakoneko eta antolaketa arazoak gertatzen ari direlako".

Batzarra 30 lagunek osatzen dute eta horietatik bost Parlamentuak aukeratzen ditu, alderdiek beren hautagaiak aurkeztu ondotik. NaBai koaliziori dagokionez, EAJk eta Aralarrek NUPen Juan Carlos Longas Ekonomia arloan lan egiten duen kidea aurkeztu nahi zuten. EAk eta Batzarrek, aldiz, "soslai politikoago eta abertzaleagoa" zuen norbait. Koalizioko alderdiek hainbat bilera egin zituzten, baina ez ziren jarri ados.

Hala, hautagaiak aurkezteko epea amaitzeko lau minutu falta zirenean Ramirezek bere burua aurkeztu zuen atzo. "Arduraz jokatzearren" egin duela esan du. "Ezin genuen onartu barne gatazkek erruz ordezkaririk gabe geratzea". Horrez gain, erakunde horretan haien ordezkariak egotea beharrezkoa den edo ez planteatu nahi zuela adierazi du.

EAJk, ordea, gertatutakoaren inguruan bestelako interpretazio bat egin du. Jose Angel Agirrebengoa alderdiaren Nafarroako presidenteak adierazi duenez, EAk bere kabuz jokatu du. Hori dela-eta, Ramirezek ez duela koalizioaren babesik izango gaineratu du Txentxo Jimenez Aralarreko koordinatzaileak. Longasek kargurako baldintzak betetzen zituela ere esan du. Gaiak koalizioan izango duen eraginari buruz ez dute hitz egin nahi izan, baina "kontu delikatua" dela aitortu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.