proposamen sozioekonomikoa

Aralarren, Alternatibaren, EAren eta ezker abertzalearen proposamen sozioekonomikoak burujabetza du oinarri

Lau alderdiek garapen eredu berri baten aldeko apustua egin dute. Gaur aurkeztu dute euren proposamena, eta igandean emango dute azalpen gehiago, Iruñean.

2012ko maiatzaren 1a
19:20
Entzun

Aralarrek, Alternatibak, EAk eta ezker abertzaleak proposamen sozioekonomiko bat aurkeztu dute gaur, Maiatzaren Lehenean. irtenbidea.net eta haysalida.net webguneetan zintzilikatu dute, eta haien asmoa da proposamena egoera sozioekonomiko "larri hau" gainditzeko baliagarria izatea. Proposamena maiatzaren 6an azalduko dute, Iruñean, Labriten, 12:00etan.

Proposamenaren oinarria burujabetza politiko eta ekonomikoa dela jakinarazi dute, eta eredu berri bat lortzeko bidea zehazteko asmoa du, "herritarrekin eta eragile sindikal zein sozialekin elkarlanerako bidea irekiaz eta eskua luzatuz". 

Garapen eredu berri baten aldeko apustua egin nahi dute; eredu hori endogenoa izatea nahi dute, planetaren mugak errespetatuko dituena eta lurraldearen eta herritarren barne-gaitasunak indartzen dituena.

Lau ardatz nagusi ditu proposamenak:

1. Egoeraren azterketa: Mundu mailakoa, Estatu espainiar eta frantziarrarena eta azkenik, Euskal Herrikoa.
2. Justizia sozialean oinarrituriko proiektu estrategikoaren oinarriei dagokion atala.
3. Burujabetza ekonomiko eta politikoaren beharra aztertzen eta sakontzen duen atala.
4. Azkenik, eta proposamen honen atal nagusia: krisi ekonomiko, ekologiko eta sozialari aurre egiteko ildo nagusiak barnebiltzen dituen atala.

Krisi ekonomikoari aurre egiteko:

-Lehen sektorea. Lehen sektorea estrategikotzat hartu, bere iraunkortasuna bermatzeko.
-Industria. Besteak beste, kapital publiko eta pribatuak antolatzea, teknologia-eduki handiko sektoreak aintzat hartzea, enpresen zientzia-eta teknologia-alorreko garapena sendotzea, inbertsioko eta enplegua sortzeko egiturazko funts bat  eta teknologia-zaintzako zerbitzu adimenduna abiaraztea.
-Zerbitzuak. Besteak beste, sektore publikoak lidertza izatea, tokiko merkataritza bultzatu eta finantza-sistema publikoa sortzea.
-Enplegua. Teknologia hobeagoetan eta lanbide prestakuntza hobean oinarritutako eredu baterantz jo.
-Zerga politika. Zerga-tratamenduan berdintasun eta progresibitate-printzipioa berreskuratzea; zerga-iruzurraren aurka borrokatu; PFEZaren erreforma; zerga-lehiari eta sozietateen gaineko zergaren beherapenari amaiera ematea….

Krisi ekologikoari aurre egiteko:

-Lurralde antolamendua. Ahalik eta lurralde-antolamendu deszentralizatuenaren alde, eskualdea ardatz hartuta.
-Garraio eredua. Garraio publiko soziala eta funtzionala indartzea. Eskualde-ardatzak eta trenbidea indartuko dituen eredu baten premia azpimarratu, baina azpiegitura faraonikoen aurka daude.
-Energia eredu berria. Energia-eredu natural eta deszentralizatuak jarri nahi dituzte abian, energia berriztagarrien erabilera garatuz produkziorako energia-maila txikiko iturriak erabiliz.
-Biodibertsitatea eta baliabide naturalak babestea.
-Hondakinen politika. Ahalik eta hondakin gutxien sortzea, hondakinak birziklatzea, eta benetako hondakinak ez direnak berrerabiltzea eta/edo elkartrukatzea.

Krisi sozialari aurre egiteko:

-Gizarte zerbitzuen sistema. Gizarte-zerbitzu publikoen eskaintza aldarrikatu nahi dute, eta ez gizarte-zerbitzuen eskaintza publikoa. 
-Hezkuntza-sistema propioa. Hezkuntza-sistema publikoa eta propioa bultzatu nahi dute, gaur egun ezarrita dauden ereduen akatsak zuzendu eta administrazioekiko mendetasuna gaindituko duena.
-Osasun-sistema propioa.  Pertsona guztien osasunerako eskubidea bermatu nahi durwu, kalitatezko eta doako gizarte eta osasun-sistema publikoa eta unibertsala abian jarriz. (...)
-Genero bereizkeriarik gabeko eredua. Egungo sistema patriarkalean emakumeek arlo guztietan pairatzen duten diskriminazioa errotik kendu.
-Etxebizitza. Etxebizitza-eskubidea bermatzea da helburua, ez etxebizitza jabegoan izatea. Alokairu sozialeko etxebizitza sustatuko da.
-Parte-hartzean oinarritutako demokrazia: Herritarren eta erakundeen arteko harremanak eraldatzeko asmoa dute. Erabakiak hartzeko ikuspegi demokratikoa bultzatu nahi dute, parte-hartzeko prozesuek gardenak, barne-hartzaileak, eta, ahal dela, lotesleak behar dutela barneratuz.
 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.