Irabazitakoari eustea erabaki du Arcelor Mittalek. Urteko azken hiruhilekoan bere irabaziak asko jaitsiko zirela ikusita, munduko altzairu ekoizle nagusiak%30-35 murriztuko du altzairu produkzioa urtea amaitu bitartean. Hau da, aurreko hiruhilekoan baino bederatzi milioi tona altzairu gutxiago. Gutxiago ekoitzita, altzairuaren prezioa egonkortu eta igoarazi nahi du, azken hilabeteetan behera egin baitu. Aintzat hartu behar da munduko altzairu ekoizle nagusia dela eta bigarren ekoizlearen (Japoniako Nippon Steel) halako hiru dela. Alegia, altzairuaren prezioan eragiteko gaitasuna duela.
Arcelor Mittali altzairua pilatzen ari zaio biltegietan. Altzairu eskaria jaitsi egin da. Irailean, esaterako, iaz baino %3,2 gutxiago ekoitzi da. Txinan, munduko altzairu ekoizle eta kontsumitzaile nagusian, %9. Autogintza eta eraikuntza dira krisia gehien nabaritu duten sektoreetako bi. Autoen produkzioa eta etxeen eraikuntza murriztu egin dira, eta, beraz, baita altzairu eskaria ere.Lakshmi Mittal taldearen jabe eta presidentearen arabera, bere lantegiak «dena emanda» aritu dira irailaren lehen erdira arte, baina ordutik aurrera eskaria jaitsi egin da.
Ikusteko dago produkzioaren murrizketak zer-nolako eragina izango duen multinazionalaren Euskal Herriko lantegietan. Lakshmi Mittalen esanetan, produkzioaren jaitsiera mundu osoko lantegien artean banatuko dute, eta, oraingoz, ez dute aurreikusi lantegiak ixtea edo langileak kaleratzea.
Arcelor Mittalek munduko 60 herrialdetan dauzka fabrikak, baita Euskal Herrian ere: 16 (lantegi produktiboak, atzairu zerbitzurako zentroak eta banaketa zentroak). Altzairu ekoizlearen 326.000 langileetatik 4.500 inguruk Euskal Herrian lan egiten dute.
Lakshmi Mittalek atzo nabarmendu zuen produkzioaren murrizketa «behin-behinekoa» dela, eskaintza eta eskaria egokitzeko eta «inbentarioen txikitzea azkartzeko». Krisiak ezustean harrapatu dituela onartu zuen: «Ekonomiaren krisia inork aurreikusi baino azkarrago etorri da. Munduak 1930etik ikusi ez duen egoera bati aurre egiten ari gara». Ondorioz, neurriak azkar hartu behar izan dituztela esan zuen, «altzairuaren negozioa normaltasunera itzultzeko».
Aurreikuspenen aldaketak
Horren erakusle da enpresak egin dituen aurreikuspenen bilakaera: aurten bertan esan du produkzioa %20 handitu nahi duela 2010erako; irailaren 17an esan zuen produkzioaren murrizketa %15ekoa izango zela; eta, atzo, aldiz, %30-35ekoa iragarri zuen. Hala ere, Lakshmi Mittalek uste du eskaria urte amaierarako egonkortuko dela eta 2009an %4 inguru haziko dela.
Produkzioa murrizteaz gain, hurrengo urteetarako aurreikusitako inbertsioak eta hazkundea moteldu egingo ditu, «ekonomiaren ikuspegi egonkorrago bat eduki arte».
Murrizketak murrizketa, aurtengoa urte ona izan da Arcelor Mittalentzat. Lehen bederatzi hilabeteetan 7.906 milioi euro irabazi ditu, iaz baino ia %34 gehiago. Hala ere, laugarren hiruhilekorako iazko irabazien erdia aurreikusi du. Altzairu ekoizlearen akzioek gainbehera egin dute aurten: beren balioaren %70 inguru galdu dute.
Arcelor Mittal ez da produkzioa murriztea erabaki duen altzairu ekoizle bakarra. Txinako ekoizle nagusiak ere, Baosteelek, antzeko neurria hartu zuen irailean eta atzo murrizketa berri bat iragarri zuen abendurako. Produkzioa murrizteaz gain, altzairuaren prezioa %20 merkatu zuen, eskariaren jaitsierari aurre egiteko asmoz.Txinako Shougang eta Wugang ekoizleek ere produkzioa murriztuko dutela iragarri dute.
Nippon Steelek ere produkzioa murriztuko du hilabete honetan, aurtengo abuztuan bere altzairu eskaria jaitsi egin baita, bi urtean lehen aldiz.
############
Krisia inork aurreikusi baino azkarrago etorri da eta neurriak azkarhartu behar izan ditugu»
lakshmi mittal
Arcelor Mittalen jabea
############
Arcelor Mittalek %35 murriztuko du produkzioa, irabaziei eusteko
Enpresak esan du murrizketa lantegi guztien artean banatuko duela eta ez duela itxierarik edo kaleratzerik aurreikusi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu