"2012a oso urte gogorra izan zen altzairuaren industriarentzat, Europan bereziki, eskariak beste %8,8 egin baitzuen behera", azaldu du Lakshmi Mittal enpresako presidenteak. Fakturazioa 62.845 milioi eurokoa izan da (%10,4 gutxiago). Aurtengo emaitza hobeak espero ditu ArcelorMittalek, "negozioa sendotzeko neurriak" hartu dituelako.
Neurri horien artean daude Euskal Herriko lantegi batzuetan indarrean izango diren soldata izozteak. Abenduan CCOOk, UGTk eta USOk enpresarekin lortutako akordioaren arabera, soldatak izozturik geratuko dira 2013an; 2014an, berriz, %0,5 egingo dute gora, eta hurrengo urtean, %2, KPIaren erreferentzia baztertuz. Lanaldiari eutsiko zaio, bestalde: urtero 1.640 ordukoari, hain zuzen. Lan hitzarmena indarrean den bitartean, 2015era arte gutxienez, antzinatasuna izozturik geratuko da, halaber. 2016ko urtarrilaren lehenean kontzeptua berriro zenbatzen hasteko konpromisoa hartu du zuzendaritzak. Neurri horiek indarrean ezartzekoak ziren multinazionalak Etxebarrin, Basaurin, Sestaon (Bizkaia), Lesakan, Legasan eta Berriobeitin (Nafarroa) dituen lantegietan. Lan itun propioa dute Gipuzkoakoetan, Olaberrian, Zumarragan eta Bergaran hain zuzen ere. Euskal Herrian 2.900 langile inguru ditu ArcelorMittalek.