Ekonomia

Arcelorrek itxiera partzialari eutsi dio, eta Asturiasera lekualdatu nahi ditu Zumarragako 350 langileak

Langileek ere eurenari eutsi diote: "Planta bideragarria da, eta enplegu osoa berma daiteke". Mobilizazioak egingo dituzte: 24 orduko lanuzte bat eta manifestazio bat, datorren asteartean, 18:00etan, Zumarragan.

Langileak, gaur goizean, lantegiaren parean. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
Jon Fernandez.
2016ko apirilaren 7a
07:49
Entzun

Arcelor Mittaleko zuzendaritzak eta Zumarragako lantegiko langileek bigarren bilera egin dute gaur, eta enpresak lantegia ixteko asmoarekin jarraitzen duela jakinarazi die. Langileek, berriz, lantegia bideragarria dela eta enplegu osoa berma daitekeela esan dute, eta mobilizazioak iragarri dituzte hori defendatzeko, astearterako. Hurrengo bilera biharamunean egingo dute. Gaur bost orduz elkartu dira: 16:30 inguruan atera da langile batzordea bileratik.

Bilerara sartu aurretik Mikel Serrano alkatearekin egon dira langileak, bertara joan baita elkartasuna azaltzera. Han esan du, hark ere, Zumarragako lantegia bideragarria dela, eta bihar azken ekarpenak egingo dizkiotela Eusko Jaurlaritzaren proposamenari. Enpresa bideragarri egiteko, jarduera dibertsifikatzea eta inbertsioak egitea behar dela uste du.

Joan den astean hiru saiakera antzu egin ostean, astelehenean bildu ziren lehen aldiz altzairutegiko bi aldeak, baina gutxirako balio izan zuen batzarrak. Zuzendaritzak itxiera partziala arrazoitzeko txosten tekniko-juridikoa aurkeztuko zuela uste zuten langileek, baina ez zuen inolako dokumenturik jarri mahai gainean. Horrela, beharginen lekualdatzeak negoziatzeko hamabost eguneko kontsulta epea atzo martxan ez jartzeko eskatu zion langile batzordeak, eta zuzendaritzak onartu egin zuen. Negoziazioen ordularia ez piztea izan zen, hortaz, bileraren uzta bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.