Ardi esne saila industriaburuen esku utzia dela gaitzetsi du EHLG elkarteak

Interprofesionalaren postura gaitzetsirik, horren funtzionamendu eta antolaketa berri bat proposatu du

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko ardi esnearen saila «krisian eta arriskuan» da EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberaren ustez, sektorearen kudeaketa industriaburuen esku utzia delako. Ezer ez bada egiten 1.700 etxalderen geroa zalantzan dela dio elkarteak: «Memento honetan ez badira behar diren erabakiak hartzen, denbora labur barne Euskal Herriko laborantzako oinarrizko sektorea erortzekotan da». Horra zer mezu luzatu zuten atzo Baionan, Arño Cachenaut, Beñat Molinos eta Mixel Berhokoirigoin EHLGko bulegoko kideek.

Ekoizpenaren heina finkatzeko martxan den erreferentzia sistemaren gauzapena gaitzetsi zuten, hain zuzen industriaburuen esku utzia delako kudeaketa. «Erreferentzien gauzatzea esnetegiei uztea Lan Kodea nagusiei idazten uztea bezala da, ezin liteke», Berhokoirigoienen hitzetan. Ekoizpena esnetegien interesen arabera antolatuko dela beldur da Cachenaut. 1984an behi esnearen sektorean gauza bera gertatu zen, eta orduan Ipar Euskal Herrian ziren behi esnearen ekoizleen %80 desagerturik dira gaur egun. Industriaburuen esku utziz, ardi esnearen sailean bilakaera bera aurreikusten dute. Hori dela eta, erreferentziak Interprofesionalaren baitan eta batez ere egiturako ekoizleen kolegioan erabaki behar direla diote.

Interprofesionala, aldatzekoa

Izan erreferentzien gaiari begira edota CLPB kooperatibaren egoerari begira, interprofesionala «agertu gabe» geratu dela salatu zuten ere. Egitura horren funtzionamendua eta betebeharrak berriz definitu behar direla azaldu zuen Molinosek. Besteak beste, interprofesionalak AOP Ossau Irati sor-markako esneari lehentasuna eman beharko duela diote,eta are gehiago labelpean ekoitziriko esne guztia AOP moduan gasnatu beharko dela. Horrez gain, «gardentasun» gehiago eskatu zuten ere, batez ere, gasnaturiko eta inportaturiko esne kopuruei buruz. Etxean gasnatzen dutenen kolegioa eta fintzaileena ere osatu behar litzatekeela uste du elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.