Joan den urtean gorabehera handirik gabe eutsi zion ardoaren ekoizpenak. Mahasti eta Ardoaren Nazioarteko Erakundearen behin-behineko datuen arabera, 266,2 eta 272,3 milioi hektolitro bitarteko ardo ekoizpena izan zen munduan. Aurreko urtean baino milioi bat hektolitro gehiago -%1,5- edo milioi erdi hektolitro gutxiago -%0,7-. Funtsean, horrek esan nahi du Europako Batasunetik kanpo gora egin zuela ekoizpenak, eremu horretan3,7 milioi hektolitro gutxiago sortu zirelako.
EBko estatu gehienetan egin zuen behera ekoizpenak; Frantzian, %9,94 jaitsi zen, eta, Espainian, %5,85. 1991. urtetik izandako ardo ekoizpenik txikiena izan zen iazkoa Frantzian, eta Espainiak, berriz, azken hiru urteetan hogei puntuko galera izan du.
Italia izan da salbuespena. Han, aurreko urtean baino 2,7 milioi hektolitro gehiago ekoitzi zituzten iaz. Italia izan zen, Espainiarekin batera, bere mugetatik kanpo ardo gehien saldu zuen herrialdea; 16,5 milioi hektolitro esportatu zituen.
Mahastizaintzarako lur eremuak, bestalde, atzera egin zuten iaz aurreko urtearekin alderatuta. Mundu osoan 33 milioi hektarea galdu ziren, Europako Batasunean batez ere. Espainian, Frantzian eta Italian dituzte hektarea gehien.
Kontsumoak behera
Ardo ekoizpena ustez handitu zen halako bi jaitsi zen kontsumoa 2008an. Mahasti eta Ardoaren Nazioarteko erakundearen txostenean dio iaz bi milioi hektolitro gutxiago edan zirela munduan. Alemanian, Italian, Frantzian eta Espainian izandako beherakadak utzitako emaitza izan zen. Espainian bakarrik, ardoaren kontsumoa %4 txikitu zen iaz. Azken hiru urteetan, berriz, %8 jaitsi da.
Ardo ekoizpenari eutsi zitzaion iaz munduan
Europako Batasunean atzera egin zuen, 2007an baino 3,7 milioi hektolitro gutxiago ekoitzi zirelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu