Mahatsa biltzen hasteko gutxi falta denean, Nafarroako Jatorri Izenaren egoera «larria» dela ohartarazi du EHNEk. Nafarroako Gobernuak onartu nahi duen Ardoaren Legeak eredu neoliberala ezarri nahi duela salatu zuen atzo Fermin Irigarai EHNEko Nafarroako idazkariak. «Nafarroako beste produktu esanguratsuekin gertatu moduan, zainzuria kasu, ardoaren hondamen-dia ekarriko du legeak», salatu zuen.
Irailean Parlamentura igorriko da Nafarroako Gobernuaren legegaia. Aurretik, alderdiekin bilerak egin nahi ditu EHNE nekazarien sindikatuak legeari aldaketak egiteko. Euren arabera, legeak eredu liberala inposatu nahi du ardoaren produkzioan zein merkaturatzean. «Ez du kalitatean eta eredu familiarrean oinarritutako ustiaketen alde egiten». Iruñeko gobernuak, 1998. eta 2000. urteen artean, mahasti berri asko baimendu zituen, horietako asko beste erkidego batzuetatik eskualdatutako eskubideei esker. Mahasti berri gehienak, gainera, upeltegiek jarri dituzte. Hala, mahats erosle soilak izatetik ekoizle izatera igaro dira. Horrek desoreka ekarri du merkatuan. Merkatua ez da hainbesteko produkzioa onartzeko gai eta prezioak nabarmen jaitsi dira. Egun Nafarroako Jatorri Izeneko 168 milioi litro daude soberan upeltegietan.Lege proiektuan bertako ardoentzat eta Pago motako ardoentzat babes neurriak aurreikusten dira. Bertako ardoak Nafarroan ekoizten diren baina Jatorri Izenean sartuta ez daudenak dira. Bereziak, berriz, Jatorri Izena baino kalitate hobeko ardoak dira. Legearekin Gobernuak Jatorri Izena hondoratu nahi duela esan du EHNEk. «Egunero mahastizain bat desagertzen da Nafarroan eta sektoreko multinazionaletara doa lanera», salatu du. Jatorri Izenean 6.443 mahastizain daude. Legea egiterakoan ez dela sindikatuen, kooperatiben eta Jatorri Izenaren Batzorde Arautzailearen iritzia kontuan hartu salatu du sindikatuak.
ARDOGINTZA. EHNE: «Ardoaren Legeak bere hartan sektorea hondoratuko du»
Nafarroan egunero mahastizain batek jarduera uzten duela ohartu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu