Arga ibaian itota aurkitu dute Garesen galdu zen langilea

Iragan asteartean lana amaitu eta ilunpetan aldagelara zihoala ibaira erori zela uste dute

Erredakzioa
2008ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Herenegun aurkitu zuten Garesko (Nafarroa) urtegi batean lanean ari zela desagertu zen langilea. Arga ibaian aurkitu zuten, Gareseko herrigunetik 400 bat metrora, Mendigorria aldera. Presa txiki batean zegoen. Hildakoak 38 urte zituen, eta Bilbokoa zen. Gaur egun Nojan (Kantabria, Espainia) bizi zen.

Langilea asteartean galdu zen, 20:30 aldean. Garesko presan ari zen lanean, Sarriako gaina deitzen duten leku batean. Eguneko lana amaitu zuen, baina langilea ez zen aldageletara iritsi, lana egiten ari zen lekutik 50 metrora baino ez dauden arren. Lankideek jakinarazi zuten aldagelara bidean leku batean hamar metroko altueratik Arga ibaira erortzeko arriskua dagoela, ilunpetan batez ere.

Helikoptero batetik ikusi zuten hildako langilearen gorpua, herenegun, 13:10 aldean, presa txiki batean. Berez, aurreko egunetan arakatu zuten gorpua azaldu zen lekua, baina bilaketa lanetan ari zirenek zailtasun ugari izan zituzten txoko guztiak behar bezala arakatzeko, euriteen ondorioz ibaia hazita jaisten ari baitzen.

Ehun hildakotik gora

LAB sindikatuaren arabera, jada 102 langile hil dira aurten lan istripuetan Euskal Herrian. Iragan astea beltza izan zen: Garesen hildako langilea ez ezik, astelehenean beste langile bat ere hil zen, Bilboko hegoaldeko saihesbidearen obretan, eta beste bi langile hil ziren asteartean, Miarritzen, (Lapurdi), estoldetan lanean ari zirela urak eramanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.