Argatik gora

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Argatik gora egin zuen atzo urak, ibaiak gainezka egin baitzuen Iruñean. Eta hargatik edo, G20ko herrialdeek ekonomia bultzatzeko neurriei eustea erabaki dutelako, dolarrak beherantz jo zuen eta akzio azokek gorantz. Nagusiki, G10eko banku zentralek likidezia maila pixkanaka murrizteko beharra aitortu berri dutelako. Alegia, (ur nahiz likidezia) gorabehera handiek dituzten arriskuak onartu dituzte. Madrilgo jai egunak Ibex-35en (+%2,04) salerosketa murriztu zuen arren (1.643 milioiren akzioak mugitu ziren soilik), 236 puntu batu zituen SIBEko indize nagusiak. Gamesaren (+%6,08) kurrinkara heldu gabe, bi banku handiek nahiz Edurnezurik %2na pasa irabazi zuten. Salbuespenen tanta gorria, Iberiarena (-%0,05) izan zen. Enpresen mozkin berrietan ere, Allianzek (+%4,27), Alemaniako aseguru etxeak, 1.320 milioiren mozkina plazaratu du aurtengo hirugarren hiruhilekoan; iazkoaren bikoitza. Mapfre (+%2,17) ere poztu zen.



Santander. Santanderreko (+%2,32) buru Emilio Botinek ahobizarrik gabe esan du: aurrezki kutxen berregituraketan Espainiako Bankuak agindu dezan nahi du. Erreskaterako funtsak, FROBek, 3 mila milioiren zorra jaulki behar duen honetan, Espainiako aurrezki kutxen berregituraketa premiazkoa da. Berme publikoak baliagarri izango dira epe laburrean, baina G10eko banku zentralen ezohiko neurriak desegin ahala, finantza sektoreak bat-egite prozesu bat egin beharko du. Eta trabak, horrelakoetan, politikoak izan ohi dira nagusiki. Behar ekonomikoa garbia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.