Argentinak amaitu du 'corralito'-a ordaintzen, hamar urteren ostean

1.780 milioi euro itzuli dizkie gobernuak azken hartzekodunei, baina, guztira, 15.889 milioi euro behar izan ditu

2012ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Amaitu da Argentinako finantza sistemak izandako amesgaizto handiena. Argentinako Gobernuak amaitu du corralito-agatik zuen zorra pagatzen. Azken hartzekodunei zor ziena ordainduta kitatu du zazpi urte luzetan izandako zorra: hain justu, 2.197 milioi dolar (1.781 euro inguru) behar izan ditu azken bonuak itzultzeko. Guztira, 19.600 milioi dolar (15.889 euro inguru) itzuli dizkie Boden 2012 bonuak zituztenei; horietatik %76 atzerritarrak dira, eta %22, argentinarrak.

Finantza krisia, baina, urte batzuk lehenago hasi zen: 2001eko abenduaren 19an ezarri zuen orduko presidenteak bankuetatik dirua ateratzeko muga. Argentinak bizi izandako «krisi sozialaren eta kulturalaren» ikur izan da corralito-a, egungo Argentinako presidente Cristina Fernandezen arabera. Modu berean, esan du zor hori ez izateak «independentzia» emango diola herrialdeari munduko krisi ekonomikoari aurre egiteko orduan. Ekonomia Ministerioaren webguneak izan duen atzerako konturako markagailua ere horren adibide da, zorra kitatzeko falta zitzaien denbora zehaztu baitu azken egunetan.

Gobernuak karga ekonomiko handi bat gainetik kendu badu ere, argentinarrek bankuekin duten harremana ez da lehen bezalakoa. Esaterako, hainbatek eta hainbatek farmazietara jotzen dute oraindik argiaren edo uraren fakturak ordaintzeko. Horren arrazoietako bat da herritar askok soldata merkatu beltzean jasotzen dutela, bankuekin ez baitira fio.

Herritarrek duten mesfidantzaren adierazgarri ere bada argentinarrek bankuetan dituzten gordailuen kopurua: 2001ean,BPGaren %26,2koa zen sektore pribatuak zituen gordailuen kopurua, eta, iaz, BPGaren %15,7koa zen. Maileguen kopuruak ere behera egin du: BPGaren %22,8 euro eman zituzten maileguetan bankuek 2001ean, eta iaz, BPGaren %14.

Nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarrituta berregituratu da Argentinako ekonomia. Zorra kitatuta, Fernandezen esanetan, Latinoamerikako sei txikienen artean dago Argentinaren egungo zorra.

Krisitik krisira

Argentinak 2001ean bizi izan zuen krisi ekonomikoaren ondorioz sortu zen finantza krisia. Izan ere, zorra kitatuko ez zuen beldur ziren inbertitzaileak, eta dibisen ihesa eta gordailuen gainbehera nagusitu ziren hainbat hilabetetan herrialdean. Horri aurre egin ahal izateko, orduko presidente Fernando de la Ruak bankuetatik dirua ateratzeari murrizketak ezarri zizkion, hau da, corralito deiturikoa jarri zuen indarrean.

Finantza sistema ez kolapsatzeko neurri horrek gizartea lehertu zuen. Protesta gogorrak egin zituzten herritarrek: eltze joaldiak nagusitu ziren Argentinako kale nagusietan, dendetan eta supermerkatuetan jakiak arpilatzen hasi ziren, eta hainbat pertsona ere hil zituzten izandako istiluetan. Gobernuburuak kargua utzi behar izan zuen protesten ondorioz, eta ondorengoek ere lanak izan zituzten karguan irauteko.

2001eko krisiak, pesoaren debaluazioa ez ezik, prezioen beherakada ekarri zuen. Horrek pobrezia tasa %50era igo zuen, eta dirudunen eta dirurik gabe geratu zirenen arteko arrakala izugarri handitu zen. Gainera, herrialdeko ondasun higiezin asko atzerritarren esku geratu ziren, merkeago zitzaielako han inbertitzea. Izan ere, bankutik ezin zuten atera dirua, eta zituzten ondasunak saltzeari ekin zioten herritar askok dirua lortzeko asmoz.

Nestor Kirchenerren agintaldian, baina, corralito-agatiko zorra ordaintzeko formula finkatu zuten: Boden 2012 bonuak jaulki zituzten 2005ean eta 2006an zorrari aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.