Argentinaren eta hartzekodunen arteko akordioa hurbilago dago

Herrialdeak maiatzaren 22an eten zituen ordainketak, baina negoziazioek jarraitu dute. NDFk babestu egin du argentinarren azken eskaintza

Argentinako banku zentralaren egoitza, Buenos Airesen. JUAN IGNACIO RONCORONI ( / EFE.
Irune Lasa.
2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
65.000 milioi dolarreko zorra dago mahai gainean; 58.000 milioi euro inguru. Mahaiaren alde batean Argentina, bere ekonomia ministro Martin Guzmanekin. Beste aldean, hartzekodunen ordezkariak, funts handien hiru talderen izenean, haien artean Black Rock ezaguna.

Eta tartean, orain mahaiaren alde batera, orain bestera, Nazioarteko Diru Funtsa, zeinak, akordiorik ezean, dirua utz diezaiokeen Argentinari, beltzez jantzitako gizon-emakumeen ohiko baldintza malguetan.

Nahiz eta zor horiek ordaintzeko epeetako bat jada igaro den (maiatzaren 22an), teknikoki Argentina ordainketa etenaldian utziz, oraindik ere irauten dute zor osoaren berregituraketa bat adosteko elkarrizketek. Badirudi, gainera, jarrerak hurbilduz doazela. Zorra edo zorraren zati bat ordaintzea eta geroratzea posible badu, baliteke Argentinak saihestea 2001. urteko ordainketen etendura handiak utzitako agertokia, non herrialdea kapital merkatuetatik kanporatua geratu zen, eta hainbat auzibide izan zituen nazioarteko epaitegietan.

Zuzenagoa litzateke esatea jarrerak baino gehiago kopuruak doazela hurbilduz. Argentinak akordiorako epea luzatu egin du ekainaren 12ra arte, eta hartzekodunek espero dute Guzmanek bere azken proposamena «hobetu» egingo duela egunotan.

Zenbait iturriren arabera, bere azken eskaintzan herrialdea prest zegoen zorraren dolar bakoitzarengatik 40-45 zentimo itzultzeko —aurreko proposamenak 39 zentimo eskaintzen zituen— eta ordainketak 2022an abiatzeko —2023an beharrean—. Astelehenean, Nazioarteko Diru Funtsak adierazpena egin zuen eskaintza horri sustengua azalduz. NDFk uste du eskaintza jasangarria dela herrialdearentzat, eta gaineratu du ez dagoela tarte handirik Argentinari gehiago eskatzeko.

Eskari 'leunagoak'

Hartzekodunek ere murriztu dituzte euren eskariak. Mailegatutako dolarreko 58-60 zentimo eta 55 zentimo eskatzen zituztenek orain diote eskaria 50 zentimoren gorakoa dela. Hartzekodunen bi taldek eskaera bateratua egin dute: Black Rock tartean duen Ad Hoc taldeak eta Trukeko Bonudunek (2005 eta 2010eko berregituraketetako zorren jabeak). Baldintzak leuntzen dituen eskaerarekin, zorraren itzulketak Argentinari gutxi gorabehera barne produktu gordinaren %1,5 hartuko lioke hamarkada honetan, eta %1 inguru 2031tik 2040ra.

Argentinaren Hartzekodunen Batzordea da hartzekodunen beste talde handi bat, zeinetan biltzen diren Greylock Capital funtsa, zenbait familiaren funtsak eta inbertsio funtsak. Talde horren arabera, berak eskatzen dituen baldintzak betetzeko, Argentinak BPGaren %2ko «doikuntza fiskal apala» egin beharko luke.

Baina Argentinak zenbateraino estutu dezake gerrikoa? Munduko zereal ekoizlerik handienetako bat da, eta horri esker lortu ohi ditu bere atzerriko zorrak pagatzeko dolarrak. Baina herrialdearen beraren beharrak ere ezin daitezke ahaztu. Argentinak hiru urte daramatza atzeraldian, eta koronabirusaren pandemia ez dator laguntzera. Egoera horretan, inor gutxik uste du baliagarria denik hari orain gerrikoa gehiago estutzeko eskatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.