Argindar eta gasa tarifa progresiboak Iparraldean

Tabakoa %6 garestituko da urrian, Frantziako Gobernuak haren kontsumoa gutxitu nahi duelako

Erredakzioa
Donostia
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Energiaren prezioetan aldaketa handiak ekar ditzakeen lege proiektua aztertzen hasi zen atzo Frantziako Asanblea Nazionala. Helburua da argindarraren eta gasaren kontsumoa jaistea, eta, horretarako, saritu egingo dituzte kontsumo txikiak dituztenak, eta zigortu, berriz, «gehiegi» gastatzen dutenak.

Legea indarrean jartzen denean, gasaren eta argindarraren tarifa progresiboak izango dituzte Ipar Euskal Herriko familiek. François Brottes Asanbleako Gai Ekonomikoetako Batzordeko presidenteak aurkeztu duen testuaren arabera, hiru motatako tarifak izango dira: oinarrizkoa (gaur egunekoa baino %3 eta %10 txikiagoa), erosoa eta «xahutzailea». Azken bi tarifa horiek dituztenek gaur egun baino gehiago ordainduko dute. «Horiekin harremanetan jarriko dira energia aurrezten laguntzeko», azaldu du Brottesek.

Horiei tarifa soziala gehitu behar zaie, eta gutxieneko errentak dituzten guztiei ezarri ahal izango zaie aurrerantzean: 600.000 familia dira orain, eta lau milioira iritsiko dira.

Legea urtea amaitu aurretik onartu nahi dute, baina ez da osorik datorren urtearen bukaera arte indarrean jartzeko. Izan ere, tarifa sistema konplexua ezarri nahi dute, etxean asko izateagatik, lurralde hotzetan bizitzeagatik halabeharrez gehiago gastatu behar dutenak edo berotzeko sistema kaskarrak dituztenak ez zigortzeko. Familia bakoitzaren kontsumo maila onargarria neurtzeko errenta aitorpenak eta orain arteko fakturak aztertu beharko dituzte lehenik.

Eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzeko zenbait neurri ere aztertuko dituzte diputatuek legea eztabaidatzen dutenean.

Erreformak ez lioke kosturik ekarri beharko estatuari, ezta argindar eta gas konpainiei ere.

Erretzeko debeku zabalagoa

Konplikazio gutxi izango ditu atzo Frantziako Gobernuak iragarritako beste neurriak: tabakoaren prezioa %6 igoko da guztientzat. Marisol Touraine Osasun ministroak Le Parisien egunkariari esan dionez, tabako konpainiei zergak igoko dizkiete eta tabako paketeen irudiak berdinduko dituzte, erakargarri izan ez daitezen. Erretzeko debekua leku gehiagotara zabalduko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.