Argindar sistema erreformatzeko dekretua onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak. Sistemak sortzen dituen gastuak txikitzea eta argindarraren prezioan igoera handiegiak ekiditea du helburu. Hiru urtean 4.600 milioi euro aurreztea ahalbidetuko duela diote, eta horietatik 1.300 milioi euro Espainiako merkatuan aritzen diren bost argindar konpainia handienek jarri beharko dituzte: Endesak, Iberdrolak, Gas Natural Fenosak, HC Energiak eta E.ONek.
Hain zuzen, argindar konpainiak horiek izango dira erreformaren kaltetu handienetakoak, hiru arrazoigatik. Gizarte bonuaren hedatzea da lehendabizikoa; urtean 150 milioi euro jarri beharko dituzte enpresek. Argindarra sortzeagatik ordaindu beharko duten bidesaria da bigarrena; megawatt bakoitzagatik 0,5 euro pagatu beharko dituzte, urtean 150 milioi euro inguru. Eta energia aurrezteko eta efizientzia bultzatzeko planak finantzatu beharra da hirugarrena; urtean 200 eta 250 milioi euro artean jarri beharko dituzte.
Baina, ohiko argindar konpainiez gain, energia fotovoltaikoa, eolikoa eta eguzki energia termikoa sortzen dituzten konpainiei ere eragingo die erreformak, besteak beste, funtzionamenturako ordutegia mugatuko dietelako. Horrek hiru urtean 2.200 milioi euroren gastuak eragingo dizkie enpresa fotovoltaikoei, 232 milioi eurorenak eolikoei eta 600 milioi eurorenak eguzki energia termikoa sortzen dutenei.
Argindarraren tarifak sortzen dituen galeren gehienezko muga lehen baino handiago izatea ahalbidetzen du erreformak. Alabaina, orain arte pilatutako defizita 2013rako ezabatzeko helburuari eutsi egingo dio Espainiako Gobernuak. Aurten 5.500 milioi euroko defizita pilatzea onartzen du du erreformak —orain arteko muga 3.000 milioi eurokoa zen—, 3.000 milioi euroko muga ezartzen du datorren urterako, eta 1.500 milioi eurokoa 2012rako. Neurri horiekin guztiekin, datorren urtean 1.510 milioi euro aurreztea espero du Madrilek, 1.446 milioi 2012an eta 1.500 milioi 2012an.
Miguel Sebastian Espainiako Industria ministroak azaldu du uztailaz geroztik argindar sistemaren gastuak aztertzen jardun duela buru-belarri. Sektoreko enpresa eta alderdi politiko guztiekin harremanetan egon dela ere argitu du. «Gastuak murrizteko bidean neurri batzuk hartuak genituen aurretik, eolikoen eta termosolarren sektoreari sariak murriztea kasu. Fotovoltaikoei eta argindar konpainia tradizionalei tokatzen zitzaien txanda orain».
Urtarrilean %10eko igoera
Espainiako Gobernuaren mugimenduak ustekabean harrapatu ditu argindar enpresarik gehienak, erlojuaren kontra ez ezik, Gabonetako oporraldiaren atarian egin duelako. Sebastianek adierazi duenez, argindarraren prezioaren hurrengo igoerak mugatu nahi dituzte erreformarekin, ezer egin ezean sobera handiak izango zirelako familia askorentzat.
Urte hasierako garestitzean, ordea, ez dute eragingo neurriok. Eta igoera handia izango da, itxura guztien arabera%10 ingurukoa. Gobernuak konpromisoa hartu du berari dagokion zatia ez igotzeko —fakturaren erdia erabakitzen du—, baina nazioarteko merkatuetan erabakitzen den zatia dezente igoko da, petrolioa asko garestitu delako azkenaldian. Hori fakturan islatzea saihestezina dela argitu du Sebastianek. Espainiako Gobernuak astelehenean jakinaraziko du urtarrilaren 1eko igoera zehazki zenbatekoa izango den.
Argindar sisteman aldaketak egin ditu Madrilek, 5.000 milioi euro aurrezteko
Urtarrilaren 1ean argindarra %10 inguru garestituko da Hego Euskal Herriko familia gehienentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu