Joan den astean urtarrilerako argindarraren prezioa %12 inguru garestitzea erabaki zuen enkantea baliogabetu ostean, Espainiako Gobernuak prezioa ezartzeko proposamenak egiteko eskatu zion Lehia Batzordeari. Bi proposamen egin dizkio batzordeak: batak urritik abendura bitarteko merkatuko prezioak hartzen ditu erreferentziatzat etorkizuneko prezioak ezartzeko, eta besteak, joan den uztailetik abendura bitartekoak.
Gobernuari dagokio proposamenetako bat aukeratzea edo berak beste bat egitea. Aurreratu dutenez, biharko ministroen kontseiluan aurkeztuko du proposamen bat Jose Manuel Soria Industria ministroak. Bihar argituko da, beraz, zein aukeraren alde egin duen Madrilek. Mariano Rajoyren gobernuaren erabakiak eragin zuzena izango du Hego Euskal Herriko herritarren poltsikoetan. Lehia Batzordearen lehen proposamena onartzen badu, urtarrilean argindarraren prezioa %7,26 igotzea ekarriko luke, baina, igoera hori soilik fakturaren zati liberalizatuari dagokiona denez, igoera erreala %2,9koa izango litzateke. Bigarren aukera onartuz gero, berriz, datorren asteazkenean %3,47 egingo luke gora argiak, eta prezioaren gerestitze erreala %1,4koa izango litzateke.
Baina fakturaren igoeraren bidea ez litzateke hor amaituko. Kontsumitzaileek ordainduko dutena kalkulatzeko aukera bakoitzetik ateratako igoerari beste %0,9 gehitu behar zaio, horixe baita gobernuari ezartzea dagokion fakturako zatian iragarritako gehienezko igoera. Lehen aukera onartuz gero, beraz, %3,8 igoko da argindarraren prezioa datorren astean; bigarren proposamenarekin, berriz, %2,3.
Lehia Batzordeak nabarmendu du bere proposamenak "behin-behineko metodoak" direla, eta behin betiko formula bat bilatzeko gomendatu dio Rajoyren gobernari.