Espainiako Gobernuak neurri gehiago iragarri ditu tarifa defizita murriztu ahal izateko. Erabiltzaileentzat, ordea, ez da printzipioz aldaketarik egongo; gobernuak hain justu dio helburua kontsumitzaileen argindarraren faktura ez igotzea dela. 2.200 milioi euroren kreditu bat eskatuko eta energia berriztagarrien sariak murriztuko ditu, besteak beste. Erabaki horiekin 600 eta 800 milioi euro artean aurreztea espero du gobernuak, Jose Manuel Soria Industria ministroak jakinarazi duenez.
Aurten tarifa defizita hutsean uzteko asmoekin jarraitzen du Espainiak, edo behintzat, "ahalik eta txikienean". Kreditua urtean egon daitezkeen "desorekei" aurre egiteko eskatuko du. Horrela, sistemaren kostuetan igoerak "agertzen badira" ere, erabiltzaileak ez du gehiago pagatu beharko.
Lege dekretu bidez beste bi aldaketa egitea da gobernuaren asmoa. Lehenengoa sistemaren kostuei dagokie. Argindarraren tarifa zehazten denean, gobernuari dagokio sistemak eragiten dituen kostuak erabakitzea: garraioa, banaketa, berriztagarriei ematen zaizkien laguntzak... Kostu horiek urtero eguneratzeko kalkuluak KPIaren arabera egiten zituen orain arte, baina "gaurtik" gauzak aldatu egin dira: azpiko inflazioaren arabera kalkulatuko dira, hau da, erregaiak eta elikagai freskoak kontuan hartu gabe. Soriaren arabera, erabaki horrek ez ditu "jokoaren arauak" aldatzen, baizik eta "sariak arrazionalizatzeko modua". Horrekin 330 milioi euro inguru gutxiago gastatuko dituela aurreikusi du.
Tarifa edo merkatua
Dekretu bidez hartu nahi duen bigarren neurria tarifa aukeratzearen ingurukoa da. Orain arte ekoizleek edozein momentu zuten aukera tarifa arautua hautatzeko edo merkatuko prezioa gehi saria hartzeko. Aurrerantzean, baina, egindako aukera behin-betikoa izango da: tarifa edo merkatua primarik gabe. Soriaren arabera, merkatuko prezioak igotzen zirenean askok horren alde egiten zuten, eta prezioak jaisterakoan, berriz, tarifa arautua hartzen zuten.
Sektorea, aurka
Energia arloko sektoreak ez du begi onez hartu gobernuaren iragarpena. Protermosolar patronalaren ustetan, sektorea "suntsitzen" ari dira. APPA energia berriztagarrien ekoizleen elkarteak adierazi du neurri horien helburua gaur egun dituzten plantek "porrot egitea" dela.