Euriborrak eta argindarrak emandako azken albisteek arnas pixka bat hartzen utziko die hilabete bukaerara iristeko zailtasunak dituzten hainbat familiari. Argindarraren kasuan, Espainiako Gobernuak zenbait kasutan faktura izoztea erabaki du 2012ra arte.
Faktura mota batzuetan baino ez da aplikatuko neurria. Hiru kilowatteko potentzia baino txikiagoa kontratatuta dutenei zuzenean aplikatuko zaie. Azken Errekurtsoko Tarifa dutenek ere -enpresa elektrikoek gehienez kobratu ahal duten tarifa- eskatu ahal izango dute, honako baldintzetako bat betetzen badute: pentsio minimoa jasotzea, familiako kide guztiak langabezian egotea edo familia ugaria izatea.
Neurriak, batetik, elektrizitate enpresen iraunkortasuna bermatuko duela uste du Espainiako Gobernuak, eta, bestetik, errenta txikienak dituztenak babesteko balioko duela. Hala ere, errenta txikiena duten familietatik kanpo familia gutxi izango dira planaz baliatu ahal izango dutenak, hiru kilowattetik gorako kontratua edukitzea baita ohikoena. Espainiako Gobernuaren arabera, neurriak bost milioi familiari eragingo die.
Plan horren bidez, tarifa defizita amaitu nahi du Espainiako Gobernuak, eta horretarako akordioa lortu du elektrizitate enpresa nagusiekin. Enpresa horiek neurriak sortutako gastuen kargu egingo dira. Baina, horrez gain, hondakin erradioaktiboak eta gastatutako erregaia kudeatzeagatik sortutako gastuak ere ordaindu beharko dituzte. Kopuru hori 2.700 milioi euro inguruan dago finkatuta.
Tarifa defizita
Trukean, ordea, oraindik ordaintzeko dagoen 10.000 milioi euroko zorra bermatuko du Gobernuak. Tarifa defizita argindar enpresei zor zaien dirua da, urtetik urtera pilatzen joan dena: fakturetatik kobratzen den dirua argindarra sortzeko produkzio kostuak baino txikiagoa delako sortu da zor hori enpresa elektrikoekin, eta enpresek zorra kobratu nahi dute.
2000. urtetik aurrera pixkanaka-pixkanaka igotzen joan da zorra, eta azkenean 16.000 milioi euroraino ailegatu da. Diru kopuru horretatik oraindik ere 14.000 milioi euro daude ordaintzeke, Espainiako Gobernuak jakinarazi duenez.
Argindarraren faktura izoztu egingo da 2012ra arte
3 KW baino potentzia txikiagoa kontratatua dutenei, kide anitzeko familiei eta pentsio txikienei eragingo die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu