Ekonomia

Argindarraren faktura merkatzeko neurriak hartuko ditu Madrilek

Hiru neurri zehaztu ditu Espainiako Gobernuak: bono soziala hedatuko du, berogailu kontsumorako beste bono bat sortuko du eta argindarraren ekoizpenaren gaineko %7ko zerga ia zerora jaitsiko du. Teresa Ribera Trantsizio Energetiko ministroak adierazi du azken neurriak berehalako eragina izango duela argindarraren fakturan.

2018ko irailaren 19a
07:23
Entzun

Argindarrak prezio igoera nabarmena izan du abuztuan, eta irailean are gehiago garestituko dela iragarria du Irache kontsumitzaileen elkarteak. Oinarrizko beharrei lotutako kontsumo horren zama arintze aldera hainbat neurri hartuko ditu Espainiako Gobernuak, gaur aurreratu duenez.

Hiru neurri aipatu ditu Ribera ministroak, Espainiako Kongresuko saioan. Batetik, gobernuak ia zerora murriztuko du argindarraren ekoizpenari ezartzen zaion zerga. Bestetik, zabaldu egingo du argindarraren bono soziala, eta, azkenik, bono sozial berri bat sortuko du espresuki berogailuaren kontsumorako.

Argindarraren prezioa garesti dagoen unean iragarri ditu neurriok Madrilek. Irailean, 70 eurotik gora ordaindu da megawatt bakoitza, batez-beste.

Argindar ekoizpenaren gaineko zerga ia hutsera murrizteak berehalako eragina izango du herritarren fakturan, Riberaren esanetan. Egun %7ko zerga ezartzen zaio ekoizpenari, PPren aurreko gobernuaren erabakiz. Riberak ziurtatu du zerga murriztea neurririk "egokiena" dela "keinu argi bat" egiteko.

Halaber, Riberak adierazi du gobernuaren lehentasunen artean dagoela pobrezia energetikoari aurre egitea. Horretarako, egungo bono soziala hedatuko duela aurreratu du. "Egungo bono soziala ez da nahikoa". Bonoak egoera ekonomiko okerrenean dauden herritarrentzako deskontuak eskaintzen ditu. Horrez gain, Pedro Sanchezen gobernuak pobrezia energetikoari aurre egiteko estrategia bat landuko duela hitzeman du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.