Argindarraren prezioa etenik gabe gora doala salatzeko protesta egitera deitu dituzte herritarrak. Llotja de Marreko adierazpena sinatu zuten Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako alderdi politikoek egin dute deialdia. Urriaren 8an (ostirala da), 22:00etatik 22:30era, argi guztiak itzali eta kazola jotzeak egiteko eskatu dute. Sindikatuei, eragileei eta mota guztietako elkarteei eskatu diete deialdiarekin bat egin eta zabaltzeko.
Agiri batean laburtu dute argindarraren garestitzea zer iruditzen zaien: «Konpainia elektrikoak aberasten ari dira, herritarrakpobretzen, eta Espainiako Gobernua ilunpean uzten ari da milaka etxe zaurgarri». EH Bildu, ERC, JxCat, CUP, Mes Mallorca, Mes Menorca eta BNG alderdiek bat egin zuten Llotja de Marreko adierazpenean.
Argindarraren garestitzearen atzean «iruzur handi bat» ikusten dute alderdi horiek. PPk eta PSOEk argindarraren sektorea pribatizatu eta «merkatuaren esku» utzi zutela gogorarazi dute, eta alderdi horietako buru batzuek interesak dituztela elektrika horietan berorietan. Argindarrarekin espekulatu egiten dela eta uraren edo haizearen gisako ondasun publikoekin enpresa batzuen jabeak aberastea besterik ez dela bilatzen salatu dute.
Energia oinarrizko gai funtsezkoa dela nabarmendu dute, eta salatu dute enpresa handi batzuen jabeek «poltsikoak bete» dituztela haren kontura. Espainiako Gobernua, ordea, ez dute ikusten arazo horiei aurre egiteko neurri eraginkorrak hartzeko bidean. «Adabakiak» jartzen ari dela uste dute. Eta hori baino zerbait gehiago egiten ausartu denean, berriz, enpresek xantaia egin diotela, ez soilik gobernuari, baizik eta herritar guztiei. «Eliteen eta gehiengo popular eta sozialen artek pultsu baten aurrean gaude».
Subiranotasun falta
«Oligopolioaren eta haren mehatxuen aurrean», Euskal Herrian, Galizian eta Herrialde Katalanetan «fronte komun bat» osatu behar dela iruditzen zaie Llotja de Marreko sinatzaileei. Nabarmendu dute hiru nazio horiek ez dutela modurik enpresa elektrikoei buru egiteko. «Gure parlamentuak eta gobernuak lotuta daude. Tresnak eta baliabideak ukatzen zaizkigu merkatuan esku hartu ahal izateko».
Argindarraren garestitzeari aurre egiteko moduak ikusten dituzte, botererik balute: gehienezko prezioak markatzea, tarifak zehaztea, araudiak zorroztea...«Subiranotasun energetikoaren falta oso garestia da galiziarrentzat, katalanentzat eta euskal herritarrentzat. Gure nazioen eraikuntzan, subiranotasun energetikora bidea egin behar dugu».