•Nola aldatuko dituzte itunak? Joan den asteko goi bileran hitzartu zuten martxorako prest izango dituztela euroguneko eta hari batzea erabakitzen duten herrialdeetako politika ekonomikoa gehiago bateratzeko prozedura. Aurretik, hainbat oztopo juridiko gainditu beharko dituzte. Izan ere, Erresuma Batuaren betoaren ondoren, ezingo dute Lisboako Ituna bera aldatu, baizik eta gobernuen arteko hitzarmen gisa egin beharko dute prozesua. Nicolas Sarkozyk atzo esan zuenez, bi asteko epean konpondu nahi dituzte oztopo juridikoak. Lana, agian, ez da erraza izango, itunetik kanpo dagoenez, teorian EBren egiturak ezin dituztelakoerabili asmo berrietarako.
•Zer egingo du EBZk? Auskalo. Iragan osteguneko bileran goitik behera zapuztu zituen zorraren merkatuan indarrez sartzeko espektatibak. Bankuei laguntzea erabaki zuen, baina estatuen arazoak konpontzea gobernuen lana dela nabarmendu zuen. Baina merkatuak lasaitzen ez badira, ez da guztiz baztertu behar Frankfurtek bere burua behartuta edukitzea zor publiko gehiago erostera. Badago beste aukera bat, ordea: EBZk hiru urterako oso merke utziko dien dirua erabiltzea bankuek zor publikoa kopuru handitan erosteko. Nahiz eta bankuak orain uzkur diren, negozio handia da %1ean lortutako diruarekin %6ko interesa jasotzea; are gehiago orain, EBk agindu baitu Greziakoa kasu bakana izan dela eta hartzekodunek ez dutela zorra barkatu behar izango. Irtenbide horren eragozpen nagusia da bankuak are gehiago lotzen dituela zor publikoaren krisira.
•Nazioarteko Diru Funtsak zenbat diru izango du Europari uzteko? Goi bileran 200.000 milioi euro aipatu zituzten, baina ez da kopuru finkoa.Diru hori estatuetako banku zentralek sortuko dute EBZren baimenarekin, NDFri utziko diote, eta hura arduratuko da Italiari, Espainiari edo eskatzen duenari uzteaz. Bundesbankek jada iragarri du 45.000 milioi jarriko dituela NDFren esku, eta Errusiak ere iradoki du parte hartuko duela.
Argitu beharrekoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu