Ulergaitza. Hitz hori erabili dute Arkema Quimica enpresako beharginek erabaki hori definitzeko garaian. Parisen du egoitza multinazionalak; Alonsotegiko lantegia itxi, eta 59 langile kaleratzeko erabakia jakinarazi zion zuzendaritzak langile batzordeari joan den irailaren 9an. Albiste horri aurre egiteko “azkeneraino” borrokatuko direla adierazi dute langileek gaur goizean, ELAren egoitzan, eta bihar bertan greba mugagabeari ekingo diote.
Izan ere, itxierarako ez dute “arrazoi objetiborik” ikusten beharginek. Hain zuzen, 2012. eta 2013. urteetan 393 milioi euroko irabazia eragin zuen Alonsotegiko lantegiak, dibidendoetan 200 milioi euro banatu. “Halako irabaziak eman eta hala ere kaleratzeko erabakia hartzea aberrazio bat da”.
Itxierarako oinarriak otsailean jarri zirela uste dute beharginek. Hain zuzen ere, Alonsotegiko lantegia Bartzelonakoarekin fusionatu zuten. “Prozesu horretan guztian behin eta berriro esan ziguten ez zela kaleratzerik egongo, baina orain ikusten dugu gezurretan aritu direla”, adierazi dute. Orain lantegiari zuzenean eta zeharka lotuta dauden 90 familiak “pobreziara zigortu” nahi dutela salatu dute era berean.
Hori dela eta, erakundeei inplikazioa eskatu die. “Gauza bakarra eskatzen diegu, ez daitezela erdian egon. Edo langileekin edo multinazionalarekin”. Alde horretatik, ez dute eurekin “ezertarako balio ez duten eztabaidarik izan nahi”, indarrak metatzea baizik. Baina orain arte Eusko Jaurlaritzatik erantzun gutxi jaso dute. “Atzo jaso genuen dei bat Industria Sailetik gaia Enplegu Sailarekin landu behar dugula esanez. Berriz ere inplikazioa eskatzen diogu Lakuari”.
Eta eskaera hori Jaurlaritzaren beraren atera eramango dute ostiralean. 12:00etan, Jesusen Bihotzetik manifestazioa abiatuko dute, ordurako greba mugagabean. Bestetik, asteartean enpresa batzordeko ordezkari batzuk Parisera joango dira Arkemaren enpresa batzorde europarraren bileran parte hartzeko. “Bertan lantegiaren itxiera salatuko dugu, eta Alonsotegiko lantegia mantentzea exijitu”.