EZBEHARRA

Armintzako kaian hildako gidariaren heriotza salatzeko elkarretaratzea, bertan behera

58 urteko gizonezkoa zapatuan zendu zen Lemoizko portuan, ibilgailua aparkatzen ari zela uretara erorita. Lan istripu bat izan zelakoan, protestara deitua zuten sindikatuek biharko, baina, sendiaren eskariz, ez dute egingo.

Armintzako portuan gertatu zen ezbeharra. BERRIA
Oihan Vitoria.
2016ko martxoaren 9a
08:34
Entzun

Ezohiko erreakzioak eragin ditu iragan zapatuan Armintzako kaian, Lemoizen (Bizkaia), gertatutako ezbeharrak: gidatzen zuen furgoneta aparkatzen ari zela, uretara erori zen gizon bat, eta han hil. Ezbeharra lan istriputzat jo, eta mobilizaziora deitua zuten biharko ELA, LAB, ESK, EHNE, Steilas eta Hiru sindikatuek: elkarretaratzea egitekoak ziren Bidezain enpresaren atarian, Getxoko Algorta auzoan (Bizkaia), 12:00etan. Hildakoaren sendia, ordea, ez da iritzi berekoa, eta elkarretaratzerik ez egiteko eskatu die sindikatuei, ezbeharraren zioak "erabat argitzeke" daudelakoan oraindik. Eta segituan egin diote jaramon: atzera egin, eta bertan behera utzi dute deialdia.

Gidariaren alargunak EFE albiste agentziari jakinarazi dio enpresako 80 beharginei galdetuta ere ez dutela "inor" topatuko konpainiaz gaizki esaka. "Bidezain enpresa munduko onena da. Familiarekin jarrera ezin hobea izan du beti: bai nire senarra bizirik zegoenean eta han lan egiten zuenean, eta bai heriotzaren ostean".

Hamabi hildako urte hasieratik

Zapatu arratsaldean, 15:35 zirela, jazo zen ezbeharra, Armintzako portuan. Furgoneta bat aparkatzen ari zela, uretara erori zen gizona, ibilgailu eta guzti. Zerbitzutik at zegoen ertzain batek ikusi zuen gertatutakoa, eta uretara bota zuen bere burua, baina ezin izan zuen gidaria salbatu. 58 urte zituen, eta Mungiakoa zen.

ELAren arabera, urte hasieratik dagoeneko hamabi lagun hil dira, Hego Euskal Herrian, beharrean ari zirela. "Prekaritatearen ondorio" dela salatu du sindikatuak, eta ohartarazi erakundeek "entzungor" egiten diotela horri: "Alde batetik, publizitatea egiten dute istripuei aurrea hartzeko eta, bestetik, ez dute inolako jarraipenik ezta inbertsio askirik ere egiten enpresetan lan baldintzak egokiak errotzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.