ARRANTZA. HEGALUZEA. Iaz baino %60 hegaluze gutxiago aurten

Bizkaiko Itsasoaren baldintzak iazkoaren antzekoak diren arren, hegaluze gutxi sartu da horra elikagai bila

jakes goikoetxea
Bermeo-Donostia
2009ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Iazko hegaluzearen arrantzaldia txarra izan zen. Aurrekoak baino kaskarragoa bai behintzat. Aurtengoa, berriz, hondamena. Iaz Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek 6.000 tona hegaluze harrapatu zituzten, 2007an baino %25 gutxiago. Aurten, oraingoz, iaz baino %60 gutxiago harrapatu dute. Aintzat hartu behar da hegaluzea dela baxurako ontzien urteko arrantza eta diru sarrera nagusia, 2005etik ezin baitute antxoarik harrapatu.

Normalean, hegaluzea Bizkaiko Golkora sartu ohi da elikagai bila bere migrazio ibilbidean. Aurten ez, elikagaia egon bazegoen arren. Zientzialariek argitu beharko dute zer eta zergatik gertatu den.

Arrazoiak. Azalpenik ez

Arrantzaleek eta haien ordezkariek ez dute azalpenik aurten gertatzen ari dena argitzeko. Ez Iñaki Zabaleta Bizkaiko Kofradien Federazioko presidenteak, ez Leandro Azkue Gipuzkoako Kofradien Federazioko Itsas Baliabideen zuzendariak. Arrantzaleek aintzat hartzen dituzten faktoreak iazkoen parekoak dira: uraren tenperatura, gazitasuna, plankton kopurua...

Gainera, aurten hegaluzearen arrantzara abiatu diren arrantzaleek azken bost edo sei urteetan baino antxoa gehiago ikusi dute itsasoan, hasi Gijondik (Espainia) eta Bordeleraino (Frantzia). Hori oso seinale ona da, antxoa baita hegaluzearen elikagairik gustukoena.

Baina, elikagaia eduki arren, hegaluzea ez da sartu Bizkaiko Golkora. Zabaletak argi eta garbi laburbildu du egoera: «Hegaluzeak ihes egin dio beitari». «Agian korronteren batengatik», uste du Azkuek. Zabaleta «ikaratu» egiten du agian hegaluzeak beste bide batzuk hartu dituela pentsatzeak. Zabaletarentzat, benetan larritzeko modukoa litzateke datorren urtean gauza bera gertatzea.

Arrantzaleek hegaluzea ikusi egin zuten. «Pila bat», Azkueren esanetan, ekainaren bigarren erdian eta uztailaren hasieran. Gero jada ez zuten ia ikusi ere egin.

Ibilbidea. Urrunago joan beharra

Hegaluzea Bizkaiko Golkora sartu ez denez, ontziek ohi baino urrunago joan behar izan dute hegaluze bila. Kazako arrantzan aritzen direnak -Bizkaiko ontziak nagusiki- Irlandaraino eta Azoreetaraino iritsi dira. Normalean, Ozeano Atlantikoan hasten dira arrantzan eta gero Bizkaiko Golkora sartzen dira, hegaluzearekin batera. Baina apenas topatu duten hegaluzerik: Ozeano Atlantikoan, ez; Bizkaiko Golkoan, «gutxi», eta Irlandan, «pixka bat».

Hegaluzea harrapatzeko kanabera eta beita bizia erabiltzen dituzten ontzien egoeraantzekoa da. Gipuzkoako ontziak dira batez ere. «Azken urteetan atera eta berehala topatu dute hegaluzea, bost edo sei ordura», Azkueren esanetan. Aurten ez. «Kanporago joan behar izan dute, hamar edo hamabi ordura». Egun hauetan hegaluzea kanaberaz harrapatzen duten ontziak Galizia aldean daude. Hegaluze «pixka bat» harrapatzen ari dira, Azkueren arabera.

Hegaluze bila egindako bidea luzatzeak gastuak handitzea ekarri du. Gasoliotan egindakoak batez ere. «Ondo pentsatu behar da, esaterako, Irlandara joan aurretik», azaldu du Zabaletak. «Hiru egun joaten, hiru etortzen, sei egun dira. Gasolio tona asko». Aurten gasolioaren prezioa iazkoa baino merkeagoa den arren, aurten iaz baino itsas milia gehiago egin dituzte. «Inoiz baino gasolio gehiago gastatu dugu».

Arrantzaldiaren iraupena. Urrira arte arrantzan

Iñaki Zabaleta Bizkaiko Kofradien Federazioko presidenteak galdutzat jo du hegaluzearen aurtengo arrantzaldia. Hala ere, irailean eta urrian oraindik itsasontziak hegaluze bila joango direla uste du, lehorrean egotea baino hobea delako, eta «inoiz ez baitakizu arraina noiz harrapatuko duzun».

Gipuzkoako baxurako ontziek ere arrantzan jarraitzeko asmoa dute, urrira arte behintzat.

Prezioak. Arrain gutxi, prezio hobea

Zenbat eta produktu gutxiago, orduan eta garestiago. Hala dio legeak, eta hegaluzearen kasuan ere bete egin da, baina prezioaren igoerak ez du berdindu harrapatzeetan izandako jaitsiera.

Iaz hegaluze kiloa batez beste 2,75 euro ordaindu zuten Gipuzkoako portuetan abuztuko lehen erdian; aurten, berriz, 3,70 euro, ia euro bat gehiago. Garestiago ere saldu dute, lau eurotik gora. «Aste honetan bertan Getarian zazpi eurotik gora ordaindu da hegaluze kiloa», Azkueren arabera. «Prezioaren igoera nabarmena izan da abuztuko bigarren hamabostaldian».

Hegaluze kiloaren batez besteko prezioaren bilakaera aztertuz gero, ez da gasolioaren eta kontsumo prezioen indizearen (KPI) igoerarik ageri. Eskaintzaren eta eskariaren legeen menpe egoten da arrain merkatuetan.

Ez al dago gutxieneko prezio bat ezartzeko aukerarik? Ezezko irmoa erantzun du Iñaki Zabaletak. «Esatea erraza da, jartzea ere bai», dio. «Baina enkantean gutxieneko preziora iritsi eta arraina saltzen ez bada, zer egin behar da?».

Bizkaiko Kofradien Federazioko presidentearentzat, hegaluze horiek izoztea ez da aukera bat: alde batetik, hegaluze horiek beranduago merkaturatuko liratekeelako eta orduan nazioarteko prezio merkeagoekin lehiatu beharko luketelako; bestetik, arrantzaleek hegaluze horien ordaina beranduago jasoko luketelako. «Beraz, merkatuak eskatzen duenaren arabera jokatu behar dugu», Zabaletaren iritziz.

Kontserba fabrikak. Lehia globalizatua

Duela 30 urte Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek harrapatzen zituzten lau hegaluzetik hiru kontserbak egiteko izaten ziren; lautik bat, berriz, fresko kontsumitzeko. Orduan Euskal Herriko kontserba fabrikek Kantauriko hegaluzea bakarrik erabiltzen zuten kontserbak egiteko.

Proportzio hori irauli egin da: gaur egun hiru hegaluzetik bi fresko kontsumitzen dira eta hirutik bat erabiltzen da kontserbak egiteko.

Hegaluzearen merkatua ere globalizatua dago, etaBizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek mundu guztikoekin lehiatu behar dute hegaluzea bertako kontserba fabrikei saltzeko. Azkuek etaZabaletak nabarmendu dute kontserba fabrikentzat merkeagoa dela hegaluzea edukiontzietan izoztuta Ameriketako Estatu Batuetatik, Australiatik, Namibiatik edo Txiletik Euskal Herrira ekartzea, bertako arrantzaleei erostea baino.

«Arraina saltzeko arazo handiak dauzkagu, inportatutako arrainarengatik», salatu du Zabaletak. «Zuk kontserba fabrikari hegaluze kiloa bi eurotan saldu nahi diozu, baina berak1,2-1,3 eurotan ekartzen du kanpotik. Nola ordainduko dute gehiago geureagatik?».

Hala ere, batzuek hala egitea erabaki dute. Euskal Herriko sei kontserba fabrikak Bizkaiko Itsasoan harrapatutako hegaluzea bakarrik erabiltzen dute. Beren produktua gainerakoetatik bereizteko marka propio bat ere sortu dute: Euskal Herriko Kantauri itsasoko hegaluzea.

Marka. Bereizi beharra

Kontserbako hegaluzea erostera joanez gero, etiketen arabera ia dena da bonito del norte (iparraldeko hegaluzea). Urrun geratu da Andoni Zubizarreta Athleticeko eta Bartzelonako atezain ohiak marka hura iragartzen zuen garaia, jendea Bizkaiko Itsasoan harrapatutako hegaluzea kontsumitzera animatuz. Orduan, gogoratu du Zabaletak, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek harrapatzen zuten hegaluze kiloko pezeta bat inbertitzen zuten markaren zabalpenean. «Marka sortu genuen, jendeak kalitatearekin identifikatzea lortu genuen, baina orain ez du balio», dio Zabaletak.

Izan ere, hegaluze izenarekin saltzen den guztia ez da hegaluzea, eta iparraldekoa dela dioen guztia ez da iparraldean harrapatutakoa. Are gutxiago Bizkaiko Itsasoan. Bonito del norte bereizgarria duten ontzietan munduko edozein txokotako hegaluzea edo bestelako atun espezieak aurki daitezke.

Ondorioz, beraiek harrapatutakoa bereizi egin behar dutela uste dute Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradietako arduradunek. Ahalegin txiki batzuk egiten ari dira: kalitate etiketak, banatzaileekiko akordio zuzenak...

Marka berri bat? Diru eta denbora asko beharko litzateke, Zabaletaren esanetan.

Etorkizuna. Neurri batean, antxoaren esku

Egoerarik larriena kazan aritzen diren ontziena da. Urtean bi espezie harrapatzen dituzte, berdela eta hegaluzea. Hegaluzearen arrantzaldia oso txarra izaten ari da, eta berdelarenean «hondamena» izan zuten, prezio baxuengatik.

«Aurten iaz baino berdel gehiago harrapatu dugu, baina iaz baino gutxiago irabazi da», salatu du Zabaletak. Kexu da Espainiako Gobernuarekin: astero harrapatu ahal den kopurua mugatu du, eta ontzi askok egun bakarrean edo bitan harrapatu dute aste osoko kopurua. «Hainbeste arrain sartuta, prezioak pikutara joan dira. Merkatua egon badago, baina eskaintza hirukoizten edo laukoizten baduzu, hondora doa».

Azken bost urteetan hegaluzearen kanpaina izan da Gipuzkoako baxurako ontzi gehienen helduleku nagusia, ezin baitute antxoarik harrapatu. «Zorionez, azken urteetan hegaluzeak eman du», Azkueren esanetan. «Baina aurtengo sasoia oso txarra da, eta jendea larri dago». Etorkizuna, neurri handi batean, antxoaren esku utzi du: «Antxoa berreskuratzen bada, etorkizuna izango dugu. Bitartean, agian sarea hartu eta sardinatan edo txitxarrotan aritu beharko dugu».

[email protected]





############



Hegalabur kopuruak ere behera egin du

Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek harrapa dezaketen hegalabur kopurua mugatuta dago: aurten 800 tona dagozkie (iaz, 1.200) eta datorren urtean 700 tona inguru. Espeziea berreskuratzeko 15 urteko plan bat dago indarrean, hegalabur kopurua %90 gutxitu baita.

Gipuzkoako arrantzaleek uztailaren erdira arte 200 tona inguru harrapatu zituzten, iaz baino %77 gutxiago. Kilo bakoitzeko, batez beste 5,50 euro jaso zituzten; iaz, aldiz, 3,60.

Zenbat eta hegalabur handiagoa, orduan eta prezio hobea. Horregatik, Gipuzkoako Kofradien Federazioa tona jaitsierari etekina ateratzen saiatu da, pieza handien aldeko apustua eginez: ontziek harrapa ditzaketen pieza txikien kopurua mugatu egin dute eta pieza handiagoei (hogei kilotik gorakoei) ez diete mugarik ezarri.

Hegalaburren %95 Frantziara saltzen dituzte, eta handik Frantziara bertara, Japoniara edota Ingalaterrara zabaltzen dute.





############



Hegaluzea harrapatzeko moduak: kaza eta beita bizia

Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek bi sistema erabiltzen dituzte hegaluzea harrapatzeko. Bizkaikoek, kaza sistema batez ere: ontzia martxan doan bitartean pita eta amua uretan arrastaka eramaten dituzte, kanabera batzuetatik zintzilik. Amuan plastikozko apeua jartzen dute, hegaluzea erakartzeko.

Gipuzkoako ontzi gehienek beita bizia erabiltzen dute hegaluzea harrapatzeko. Hegaluzea kanaberarekin harrapatzen dute, amuan beita bizia jarrita, gehienetan antxoa. Beita bizirik mantentzen dute ontziko haztegietan. Hegaluzeak erakartzeko arraina edo arrain zatiak eta ura botatzen dituzte itsasora , hegaluzeek antxoa sarda bat dagoela pentsatzeko.





############



Europak jaitsi egin nahi du ontzi kopurua

Europako Batzordeak esan du Europan itsasontzi gehiegi daudela bertako arrain kopururako. Arrainen egoera larria dela dio: espezieen %88 gehiegi harrapatzen dira eta %30 muga biologiko seguruen azpitik daude. Alegia, ezin dira ohiko erritmoetan ugaldu.

Horregatik, Europako Batzordeak arrantza politika errotik aldatu nahi du, ontzi kopurua arrain kopurura egokituta. Beraz, nabarmen jaitsi nahi du itsasontzi kopurua.

Europako Batzordeak aurtengo apirilean onartu zuen Liburu Berdea, eztabaidarako abiapuntua. Proposamen hori osatu eta Europako Parlamentuari 2011. urtearen hasieran aurkeztu nahi dio, eztabaida dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.