Arrantzale bat desagertu zen atzo Pasaiako kostatik zortzi miliara. Lanean ari zela uretara erori zen. Santoñako (Kantabria, Espainia) Siempre al Alba itsasontziarentzat egiten du lan, eta jatorriz senegaldarra da.
Ertzaintzak jakitera eman duenez, atzo goizaldean gertatu zen ezbeharra. 4:45ean eman zuen itsasontziak larrialdiaren berri. Haren lankideetako bik itsasora salto egin zuten arren, ezin izan zuten behargina aurkitu. Era berean, zenbait itsasontzi eta helikoptero ibili ziren atzo galdutako arrantzalearen bila. Inguruan lanean ari ziren ontziei ere eman zieten gertatutakoaren berri, behargina aurkitzeko lanetan laguntzeko. Siempre al Alba ontzia Santoñara itzuli zen.
Atzokoa ez da aurten itsasoan izandako lan ezbehar bakarra. Urtarrilean, kasu, L'Epaulard arrasteontzia irauli egin zen Landetako uretan, Biscarrossetik hamabost kilometro ingurura. Lezoko 54 urteko arrantzale bat hil zen istripu hartan, eta beste lau arrantzale erreskatatu egin behar izan zituzten. Schock egoeran eta hipotermiarekin atera zituzten uretatik.
Joan den urtean, Ondarroako (Bizkaia) Lasti arrasteontziko makinista hil zen Bizkaiko Golkoan, uretara erorita. 2008an, berriz, bi marinel hil ziren. Txuri Urdin ontziko arrantzale bat Ozeano Atlantikoan zendu zen, txirrika batek buruan kolpea eman ostean. Pasaian 42 urte zituen arrantzale bat hil zen, Natalie Chantalle II-n ontziratu behar zenean itsasora erorita.
Arrantzale bat galdu da Pasaiatik zortzi miliara, ontzitik erosi ostean
Haren bi lankidek uretara salto egin zuten segituan, baina ez zuten lortu arrantzalea aurkitzerik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu