Arrantzaleek iaz baino %60 hegaluze gutxiago harrapatu dute

Ontzi batzuek arrantzaldia bertan behera utzi dute, eta baliteke gainerakoek amaiera aurreratzea

Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Hegaluzearen arrantzaldia «hondamendia» eta «ezin okerragoa» izaten ari da Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleentzat. Iaz harrapatutako hegaluzearen %40 harrapatu dute abuztuaren 19ra arte, eta iazko hegaluzearen arrantzaldia txarra izan zen. Hegaluze gutxi arrantzatu dute eta, arrantzatu dutena, oso urrun, portutik lau egunera-edo.

Gipuzkoan, Donostiako, Getariako, Hondarribiko eta Pasaiako portuetan 1.105 tona lehorreratu dituzte abuztuaren 19ra arte. Kiloa, batez beste, 4,20 eurotan saldu dute. Iaz, garai berean, 2.750 tona izan ziren, kiloa 3,15 eurotan. Bizkaian, berriz, mila tona baino gutxiago lehorreratu dituzte Bermeon eta Ondarroan, iaz baino %60 inguru gutxiago.

«Hondamendia da», Iñaki Zabaleta Bizkaiko Kofradien Federazioko presidentearen iritziz. «Arrantzaldia ezin okerrago doa», Leandro Azkue Gipuzkoako Kofradien Federazioko zuzendariak.

Berez, arrantzaldiak urriaren erdialdera arte irauten du, baina bi federazioetako arduradunek uste dute, egoera ikusita, agian hilabete honetan bertan edo irailean amaitu daitekeela. Gipuzkoako hamabost ontzik eta Bizkaiko bostek bertan behera utzi dute jada. Hegaluzea harrapatzera Azoreen eta Irlanda hegoaldearen artera joan behar dute.

Kezkatuta daude, azken urteetan hegaluzea ohi baino gutxiago sartu delako Kantauri itsasora, eta agian migrazio bidea aldatu duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.