Arrasateko kooperatibak arbola mardula dira 50 urteren buruan

Euskal Herrian enplegu gehiago sortzea eta dagoenari eustea ditu «erronka» Mondragon Korporazioak

Irune Lasa.
DONOSTIA
2005eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Arrasateko notariotza, 1955eko urriaren 20a. Jose Maria Arizmendiarreta apaizaren gidaritzapean, bost gaztek Luis Usatorre, Jesus Larrañaga, Alfonso Gorroñogoitia, Jose Maria Ormaetxea eta Jabier Ortubai Gasteizko Otalora enpresa eta haren etxetresnak egiteko lizentzia erosi zuten, 400.000 pezetan. Ulgor (bazkideen deituren akrostikoa) izango da Arrasateko esperientziako lehen kooperatiba.

Donostiako Maria Cristina hotela, atzo, 2005eko urriaren 20an. «Orain dela 50 urte Arrasaten erein zen hazi hura arbola mardula da gaur egun». Juan Maria Otaegi MCCko Kongresuko lehendakariak harro azaldu zuen nola Korporazioa lehen euskal enpresa taldea den gaur egun, nola 200 enpresa biltzen dituen eta nola bost kontinenteetan presente dagoen. Eta arbola horren adaburutik, Otaegik eta MCCko Kontseilu Orokorreko presidente Jesus Cataniak atzera, iraganera, eta aurrera, etorkizunera, begiratu zuten. Etorkizuneranzko begirada horren barruan ulertu behar da herenegun egindako Kongresu Kooperatiboak hartutako erabakia. «Malgutasuna» helburu, sektorekako banaketa zurrunak ekiditeko, Kongresuak antolakuntza berria onartu zuela, azaldu zuen Cataniak. Industria alorrean kooperatiben artean sor daitezkeen lankidetzak hobeto bideratzeko Industria Kontseiluaren sorrera ere onartu du Kongresu Kooperatiboak, baita Sustapen Zentroa, kooperatibentzat sektore eta produktu berrien bila jarduteko.

Lekualdatzeen ondorioei aurrea hartu nahian

Izan ere, nazioartean hedatzen jarraitzeaz gain, MCCren helburu nagusia hemen Euskal Herrian enplegua sortzea da gaur egun. «Lekualdatzeak eta halakoak direla eta, une honetan hemen ditugun zenbait jarduerek ez dute zentzurik izango», aitortu zuen Cataniak. Horregatik, Korporazioaren lehentasunetako bat da sektore berri eta berritzaileetan sartzea. Hortik datoz, aeronautikan, bioteknologian eta osasungintzan edo telekomunikazioetan MCC egiten ari den ahaleginak.

Kongresuak bezperan hartutako erabakiak beste erakundeetan normalean krisi garaietan hartzen direla esplikatu zuen Cataniak. «Gu ez gaude krisian, inondik-inora; baina etor daitekeen krisiari aurre egiteko prest egon nahi dugu». 2008ra arteko plan estrategikoan ezarritako helburuak izango ditu bide horretan mugarri Korporazioak. Urte horretarako, guztira 17.000 milioi euroko salmentak izan nahi ditu taldeak, eta 24.000 lanpostu gehiago, 95.000 enpleguren kopururaino. Plan horretan balio kooperatiboen inguruan ere helburu bat jarrita dute: globalizazioaren garaian, nazioartera begira eta nazioartean dago orain taldea eta hainbat filial sozietate anonimo gisa ditu. «Enpresa parte hartzailearen eredua» filial horietara zabaltzea da Plan estrategikoaren helburuetako bat. 2008rako filial horietako langileen %30 «inplikatzeko» asmoa du MCCk.

Gogoeta balio kooperatiboez

50. urteurrena aitzakia hartuta, balio kooperatiboen ikuspegi humanistaz gogoeta garrantzitsu bati ekin diotela azaldu zuen Juan Mari Otaegik. Aurten hasitako prozesuan, 2.000 lagun inguru ari dira, «gure kontseilu errektore, zuzendaritza kontseilu eta kontseilu sozial guztiak». Kooperatiben Esperientziaren oinarri diren printzipioak berrikustea dute egitekotzat, eta «kooperatiben ikusmoldearen biziberritzea» helburutzat. Haren arabera, «enpresen garapenak eta horrek behartzen digun pragmatismoak balioen eta enpresen beharren arteko oreka bat bilatzera eramaten gaitu. Horretan gabiltza, horretaz gogoeta egiten, eta denbora pixka bat hartuko digu».

Kooperatibak Arrasate Taldean bildu zirenean ezarri zituzten gaur egun indarrean dauden printzipio Kooperatiboak: atxekimendu librea, antolaketa demokratikoa, lanaren burujabetza, kapitalaren izaera instrumentala eta menpekoa, kudeaketan parte hartzea, ordainsarietako elkartasuna, interkooperazioa, gizartearen eraldaketa, unibertsaltasuna eta hezkuntza. Lautan laburtzen dituzte MCCn: kooperazioa, parte hartzea, erantzukizun soziala eta berrikuntza.Ildo horretatik, gaur egun, «kooperazioan oinarritutako garapenean munduko esperientzia nagusienetakoa» dena esplikatzen duten faktoreak ere azaldu nahi izan zituenJuan Mari Otaegik. Haren ustez, Jose Maria Arizmendiarretaren lidergoaz gain, badira Arrasateko esperientzia esplikatzeko beste giltzarri batzuk: «Pertsona» elementu nagusia izatea ; ekintza kooperatiboaren «ikuspegi enpresarial eta pragmatiko garbia»; lankidetzarako «tresna eraginkorrak» sortzen jakin izana, esaterako Euskadiko Kutxa; eta formazioari emandako pisua.

Datua



78.000

Mundu zabalean, 78.000 langile inguru ditu Mondragon Korporazio Kooperatiboak, atzo Cataniak azaldu zuenez. Euskal Herrian, enpleguari dagokionez, MCC lehen enplegu sortzailea da Gipuzkoan, zuzeneko 21.000 lanposturekin, baita Bizkaian ere, 11.600 enplegurekin; Nafarroan Volkswagenen atzetik dago soilik, 3.740 lanposturekin eta Araban hirugarrena da, Mercedes eta Michelinen ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.