Zorraren krisia

Arriskua, zabaltzen

Inbertsiogileen presioak inoizko mailarik handienera eraman ditu Espainiaren, Frantziaren eta Belgikaren arrisku sariakEspainiak %5etik gorako interesa pagatu behar izan du urtebeterako bonuengatik

2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Eskatutako guztia egin arren, euroguneko herrialdeei presio egiten jarraitzen dute inbertsiogileek. Geroz eta presio handiagoa, eta geroz eta herrialde gehiagori. Dagoeneko ez baitira Italia eta Espainia haien jopuntuan dauden herrialde bakarrak. Atzo, Belgikaren, Frantziaren, Austriaren, Herbehereen eta Finlandiaren arrisku sariek ere goia jo zuten, euroa darabiltenetik mailarik gorenera iritsita.

Arrisku saria da inbertsiogileek herrialde bateko ekonomian duten konfiantza neurtzeko adierazlerik onena. Erreferentzia gisa Alemaniako hamar urterako bonuak hartzen dira, haiek direlako seguruenak. Beraz, herrialde baten arrisku saria bi arrazoigatik igo daiteke: inbertsiogileek herrialde horrekiko konfiantza galdu dutelako edo Alemaniarengan lehen baino konfiantza handiagoa dutelako. Eta atzo biak gertatu ziren,Alemaniako zor tituluen interes tasa jaitsi egin zela —%1,75era— eta beste herrialde guztiena igo.

Hori ezin okerrago zetorkion Espainiari, 3.000 milioi euroren zor tituluak merkaturatzekoa baitzen. Eta imajina zitekeen moduan, garesti ordaindu zuen,urtebeterako eta urte eta erdirako tituluen truke %5etik gorako errentagarritasuna agindu behar izan baitzien inbertsiogileei, urrian baino %40 handiagoa eta 1997az geroztik handiena.

Horiek hala, Espainiaren arrisku saria oinarrizko 25 puntu igo eta 458 puntura iritsi zen, inozko maila altuenera, eta bigarren mailako merkatuan salerositako hamar urterako zor tituluen interesa %6,31era, uztaileko markatik oso-oso gertu.

Arrisku saria horrenbeste igotzeak finantza erreskate baten beharraren inguruko zurrumurruak berpiztu zituen, Greziak, esaterako, oinarrizko 450 puntura iri tsi aurretik eskatu behar izan baitzuelako laguntzak. Europako Batzordeak, ordea, erabat baztertu zuen aukera hori, esanaz Espainiak zor merkatuetan finantzatzeko dituen arazoak ez direla hango ekonomiaren egoeraren ondorio. «Merkatuen presioaren zergatiak askoz konplexuagoak dira eta herrialde gehiagori ere eragiten diete», Amadeu Altafak Europako Batzordeko ekonomia gaietarako komisarioaren arabera. Bihar beste 3.000 milioi eurorenzor bonuak jaulkitzekoa da Espainia. Ea nola erantzuten dioten merkatuek.

Italiari, atsedenik ez

Silvio Berlusconi lehen ministro kargua uztera behartu eta haren lekuan Mario Monti jarriagatik ere —ustez merkatuen konfiantzako pertsona—, Italiari ez zioten atsedenik eman inbertsiogileek. Haren arrisku saria oinarrizko 529 punturaino iritsi zen, iragan asteko 575 putuetatik urrun, hala ere. Hamar urterako tituluengatik, berriz, %6,8ko errentagarritasuna eskatu zuten bigarren mailako merkatuan. Hain zuzen, horixe da Italiaren egoera beste guztiena baino larriago egiten duen faktorea, zorragatik pagatu behar duen interesa. Aditu askoren ustetan, %7tik gorako interesa eutsi ezinezkoa litzateke edozein herrialderentzat, eta Italiak egun asko daramatza muga-mugan.

Espainiak eta Italiak zor merkatuetan finantzatzeko dituzten arazoak, ordea, ez dira berriak; zorraren krisiak eztanda egin zuenetik ari dira presioa jasaten. Azken egunotan, ordea, zabaltzera egin du presio horrek eta ustez indartsu zeuden hainbat herrialde kutsatu ditu, Belgika, Frantzia eta Austria, besteren artean. Hiru herrialde horien arrisku sariek goia jo zuten atzo.

Belgikaren arrisku sariak oinarrizko 300 puntuak gainditu zituen —313ra iritsi zen— eta hamar urterako tituluengatik %4,79ko errentagarritasuna eskatu zuten bigarren mailako merkatuan. Frantziaren arrisku saria oinarrizko 190 puntura ailegatu zen eta zorraren interesa %3,58ra; Austriarenak, berriz, 185era eta %3,56ra.

Inbertsiogileen ezkortasuna burtsetan ere nabaritu zen, Europako indize nagusiek zenbaki gorritan bukatu baitzuten saioa. Halere, azkenean galerak ez ziren izen eguerdi partean ziruditenak adinakoak. Parisko CAC40 indizeak galdu zuen gehien —%1,92—, Madrilgo Ibex-35ek %1,61 galdu zuen, Bilboko 2000 indizeak %1,52 eta Frankfurteko Dax-ek %0,87.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.