Garabi gidarien greba

Aseguru etxeek ez dute negoziatuko greba bertan behera gelditu ezean

EAE Euskal Autonomi Erkidegoaz gain, Espainiako Estatuko zazpi autonomi erkidego dira jada garabi zaleen greba babesten dutenak. Lanuztearekin jarraituz gero, negoziaziorik egongo ez dela ziurtatu dute aseguru etxeek. Aseguru etxeen patronaleko, Unespako, presidente Pilar Gonzalez de Frutosek “gatazka” egoera modu lasaian eztabaidatzeko “egoerarik kaxkarrena” dela azaldu du.

2004ko abuztuaren 25a
16:48
Entzun
Une honetan, negoziazioak etenik badaude ere,Unespa prest dago bi aldeen –patronala eta garabi zaleak- arteko elkarrizketarekin jarraitzeko. Espainiako Trafikoko zuzendariaren, Pere Navarroren, bitartekaritzari dagokionez, aseguru etxeek ez dutela erakunde publikoek arazoan esku-hartzea begi txarrez ikusten adierazi du Pilar Gonzalez de Frutosek. Dena den, zail ikusten du hirugarren batek gatazkari irtenbidea ematea.

Aseguru etxeek bien bitartean, grebari aurre egiteko lehenengo neurriak hartu dituzte. Ahal den neurrian baztertutako autoen matxurak konpontzen dihardute eta lantegi batera eraman behar izanez gero, ibilgailua hartzeko prest dagoen garabia lortzen ahalegintzen dira. Aseguru etxeak ere, prest daude autoa garraiatzea kostatzen dena bezeroei ordaintzeko.

Bestalde, Pilar Gonzalez de Frutosek, piketeen lana salatu du. Piketeek “lan egin nahi duten enpresarien eskubideak urratzen” dituztela gaineratu du Unespako presidenteak.

Kuota merketzeko edo itzultzeko eskatu diete aseguru etxeei kontsumitzailee elkarteek

Garabi gidarien greba tarteko, aseguru etxeak ez direla ari bezeroekin hitzartutakoa betetzen iritzi diote EKA Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketak eta EKB Euskadiko Kontsumitzaileen Batasunak. Ondorioz, kuotak merketzeko edo zati bat itzultzeko eskatu diete aseguru etxeei. Halaber, "akordiora iristeko ahalegina egiteko" eskatu diete gatazkan diren bi aldeei, hau da, garabi enpresei zein aseguru etxeei, "azkenean, kontsumitzailea baita kaltetuena".

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garabi enpresak greban dira joan den uztailaz geroztik, eta, ondorioz, ibilgailuekin arazoak izan dituzten erabiltzaileekin aseguru polizetan hitzartutakoa ez dute betetzen aseguru etxeek; hau da, ez diete hondatutako ibilgailuak garraiatzeko garabi zerbitzurik ematen.

Hitzartutakoa ez direnez ari betetzen, aseguruen kuotak merketzeko edo zati bat itzultzeko eskatu diete EKA eta EKB kontsumitzaileen elkarteek aseguru etxeei, azken batean, bezeroek haiekin baitute kontratua. "Azken batean, ordaindutak zerbitzu bat ez da eskaini", azpimarratu dute.

Era berean, garabi enpresei zein aseguru etxeei ahalegin bat egiteko eta akordioa lortzeko eskatu diete kontsumitzaile elkarteek. Administrazioari, berriz, arazoa konpontzeko saioa egin dezala. Ildo horretatik, Administrazioari oroitarazi diote bere egitekoa "ahulena" babestea dela, "kasu honetan kontsumitzailea".

Garabi enpresek eta aseguru etxeek bilera egin zuten atzo Madrilen, baina ez zuten akordiorik lortu. Gainera, porrot horren ondorioz, EAEko garabi enpresei eta joan den larunbatean bide bera hartu zuten Asturiaskoei, Gaztela eta Leongoak, Errioxakoak, Aragoikoak, Kataluniakoak, Valentziakoaketa Madrilgoak batuko zaizkie gaur gauerdian. Nafarroakoek gaur arratsaldean erabakiko dute zer egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.