Laguntza horri esker, Japoniako yen-a, Koreako won-a eta Taiwango eta Singapurko dolarrak ez dira AEBetako dolarraren aldean hainbeste indartu. Politika horren ondorioz, herrialde horiek AEBei esportatzen jarraitu ahal izan dute, eta bere ekonomiei bultzada eman. Japoniak, esaterako, 80.000 milioi dolar erosi ditu azken hilabeteotan, eta horri esker yen-a %6,5 inguru «soilik» indartu da dolarrarekiko. Euroa, berriz, %10 indartu da azken bederatzi hilabeteotan %25 2002az geroztik, eta esportazioak asko garestitu zaizkionez, Euroguneko herrialde gehienak atzeraldian daude.
Txina bere kasara
Txina aparteko kasua da. Izan ere, Pekingo gobernuak aspaldian dolarrarekin lerrokatuta dauka bere dirua: dolar bakoitzak 8,28 yuan balio ditu. Lerrokatze horrek abantaila handiak ekarri dizkio orain arte Txinari, ekonomiari behar zuen egonkortasuna eman baitio. Gauzak horrela, Pekinek argi eta garbi utzi du ez diela men egingo presioei. «Dibisen trukea barne kontua da. Beste edozein herrialdek edo nazioarteko erakundek ez du eskubiderik gure diru politikan esku hartzeko», jakinarazi zuen Txinako Gobernuak.
AEBetako industria eraldatzailearen datuen arabera, Txinako produktuen «inbasioaren» erruz 2,5 milioi lanpostu galdu dituzte azken urteotan. Hauteskundeak gertu izanik, ez da baztertu behar Washingtonek arantzel gehiago ezartzea Txinako inportazioei. Europa ere kexu da yuan-aren truke «artifizialaren» erruz inportazio merke oldeari egin behar diola aurre.
AEBetako kontu korrontearen defizita hau da, esportazioen eta inportazioen arteko aldea Barne Produktu Gordinaren %5,1era iritsi da. Oraintsu arte, datuari ez dio garrantzi handirik eman Washingtonek. Atzo bertan, John Snow Altxorreko idazkariak Dubain esan zuen defizita «maneiagarria» dela. Bere iritziz, benetako arazoa da herrialde batzuk esportazioen erabat menpeko direla. «Hobe lukete barne eskaria handituko balute», esan zuen, Asiako herrialdeak buruan zituela.
NDF, ostera, askoz arduratuago dago defizitarekin, uste baitu epe ertainean AEBek ezingo dutela finantzatu. Gaur egun beste herrialdeek finantzatzen dute defizit hori, AEBetan egiten dituzten inbertsioen bitartez. Baina defizitak handitzen jarraitzen badu, hel daiteke unea herrialde horiei ez zaizkiela inbertsio horiek interesatuko, eta dolarra are gehiago amilduko da.
Horregatik, Koehlerrek eskatu zien asiarrei «truke tasetan malgu» jokatzeko. Alegia, beren diruei benetako balioa emateko, hartara AEBek kontu korronteko defizita kontrolpean izan dezaten. Funtsean, NMF kezkatuta dago egoera lehertzen bada munduko ekonomia motor nagusirik gabe geratuko dela AEB eta ordezkoa Europaez dela martxan jarriko.
MUNDUKO BANKUA
Kanpo laguntza, historiako maila txikienean
1960ko Barne Produktu Gordinaren %0,5etik %0,22ra erori da gaur egun garatzeko bidean diren herrialdeei ematen zaien kanpo laguntza. «Historiako laguntza maila txikiena da, garatutako herrialdeen sarrerak inoizko handienak, berriz», azaldu zuen atzo James Wolfensohn Munduko Bankuko presidenteak.
Ildo horretan, Cancungo goi bileraren porrota herrialde pobreen ohartarazpen bat izan dela uste du Wolfensohnek. Herrialde industrializatuek merkataritzan kontsezioak egitea ezinbesteko ikusten du, kanpo zorra barkatzea ez baita nahikoa: «Munduko pobreen bi herenek nekazaritza behar dute iraun ahal izateko; ez da arrazoizkoa merkataritza askearen onurak predikatu eta gero subsidio eta hesi handienak mantentzea herrialde txiroenek abantailak dituzten produktuetan». Herrialde garatuek 300.000 milioi dolar gastatzen dituzte nekazaritzako barne laguntzetan, eta soilik 56.000 milioi dolar ematen dituzte garapenaren laguntzetarako. «Desorekan dagoen mundu bat da hau», amaitu zuen Wolfensohnek, «1.000 milioi lagun egunean dolar batekin bizirik irauten saiatzen dira, beste 1.000 milioi lagunek, berriz, munduko aberastasunaren %80 dute».