Asko egiteko prest, oso gutxi erabakita

Europako Batasunak bere horretan utzi du behin-behineko erreskate funtsa, sor daitezkeen finantza arazoen zainFuntsezko arazoa politika ekonomiko bateratuen falta dela esan du Merkelek

jakes goikoetxea
2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
«Europako agintariak prest daude edozer egiteko euroguneko egonkortasuna bermatzeko». Hori da atzo eta herenegun Bruselan egin duten goi bilerako ondorio nagusia. Herman Van Rompuy Europako Batzordeko presidenteak laburbildu zuen, atzo. Baina aldea dago agintariek esan dutenaren eta erabaki dutenaren artean. Borondatea azaldu dute, erreskate tresna iraunkorra sortuko dute, baina behin-behineko erreskate tresna ez dute ukitu eta iraunkorraren baliabideak ez dituzte zehaztu.

Zalantzak saihesteko, badaezpada, euroa babestu zuen Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. «Euroa da gure dirua, eta euro indartsua eta egonkorra eduki nahi dugu», esan zuen. Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak ere bai: «Euroa desagertuz gero, Europa lehertu egingo litzateke».

Europako Batasuna motel erantzuten ari zaie finantza arazoei. Motel erantzun zien Greziaren arazoei, eta ez du neurri zehatzik iragarri Portugalen eta Espainian izan ditzakeen arazoak ikusita. Behin-behineko erreskate funtsa bere horretan utzi du, arazoak sortutakoan erantzuteko.

Hori bai, euroguneko herrialdeek erreskate tresna iraunkorra izango dute 2013tik aurrera; baina oraindik ez dakite ez nolakoa, ez zenbatekoa. Martxora arteko epea dute tresna zehazteko eta urtarrilean hasiko dira eztabaidatzen. «Nahikoa izan beharko du», esan zuen Merkelek. Alemania da, hain zuzen, diru gehien jarri beharko duen herrialdea. Eta bertako bankuek arazoak dituzten herrialdeetako zor asko erosi dute.

Grezia eta Irlanda erreskatatzeko erabili den behin-behineko erreskate funtsak 750.000 milioi euro ditu, horietatik 440.000 milioi Europako Batasuneko herrialdeek jarri beharrekoak, 60.000 milioi euro Europako Batzordeak eta gainerakoa Nazioarteko Diru Funtsak (NDF). Greziari 110.000 milioi euroko laguntza eman diote; Irlandari 85.000 milioi eurokoa.

2013koak ziurrenik diru gehiago eduki beharko du. Hala aipatu zuen atzo Yves Leterme Belgikako lehen ministro eta Europako Batasuneko presidenteak.

Erabakia, aho batez

Erreskateari buruzko erabakia herrialde guztiek aho batez hartu beharko dute. Alegia, herrialde bat kontra egonez gero, erreskatea oztopa dezake. Letermek uste du hori logikoa dela, diru askori buruzko erabakiak direlako; baina ez du uste hori oztopoa izango denik behar izanez gero erreskateak onartzeko.

Oraingoz, berrikuntza nagusia inbertsiogile pribatuen parte-hartzea da: azaroaren 28an onartu zuten moduan, herrialderen batek bere zorrei aurre egin ezin dien kasuetan, hartzekodun pribatuekin negoziatu beharko du zorraren berregituratzea. Hartzekodun publikoek lehentasuna izango dute pribatuekiko zorra kobratzeko orduan.

Hala ere, erreskate tresnaz harago, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak agerian utzi zuen benetako arazoa: Europako Batasunak ez daukala politika ekonomiko bateraturik. «Ez da garrantzitsua bakarrik aurrekontu egonkorrak, finantza egonkorrak eta emaitza sendoak edukitzea, baita pixkana-pixkana politika ekonomiko bateratua garatzea ere», Merkelen esanetan. Bruselako goi bileran gaiari buruz hitz egiten hasi baino ez dira egin.

Politika ekonomiko bateratua nahi dute, besteak beste, herrialde batzuen eta besteen arteko aldeak murrizteko. Lehiakortasunean dauden aldeak txikitu behar direla nabarmendu zuen Sarkozyk.

Bruselako goi bileran hitz egin dute eurobonuei buruz, hau da, zor bonu bateratuak jaulkitzeko aukeraz. Frantzia eta Alemania kontra daude. «Oraintxe ez dute zentzurik, eraginkorra izateko beharrezkoa baita politika ekonomikoak bateratzea», Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen iritziz. Herman van Rompuy Europako Batzordeko presidentearentzat, «ideia ona» da, baina oraindik heldu egin behar du eztabaidatzen hasi aurretik.

EBZri babesa

Eurobonuez gain, bestelako proposamenak ere aipatu dituzte Bruselan, baina aipatu bakarrik. Aukera horien artean daude behin-behineko erreskate funtseko diru kopurua handitzea eta funtsaren bidez arazoak dituzten herrialdeen zorra erostea, merkatuaren astinduak saihesteko. Dena den, Europako Batasuneko herrialdeek Europako Banku Zentralaren jokaera babestu dute, zor publikoa erosten ari delako.

Espainiak eta Portugalek, erreskatatutako Greziaz eta Irlandaz aparte okerren pasatzen ari diren herrialdeek, beren buruak defendatu dituzte Bruselan. Defizita murrizteko neurriak hauspotu dituzte. Portugalek ez duela inolako laguntzarik behar errepikatu zuen Jose Socrates herrialdeko lehen ministroak. «Konfiantza besterik ez dugu behar».

Angela Merkelek, aurrekoetan ez bezala, Espainia eta Portugal babestu ditu. Bi herrialdeen erreformek «txundituta» utzi dute. Jean-Claude Juncker euroguneko presidenteak ere, ildo beretik, «oraingoz» Espainiak eta Portugalek beharrezko neurriak hartu dituztela esan zuen atzo.

Neurriak eraginkorrak diren ikusi beharko da. Urte hasieran abiatuko dute herrialdeen aurrekontuak zaintzeko egutegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.