Garbia da mezua: ASLEk fakturazioa handitu du 2015ean urte bete lehenagoko datuekin alderatuz gero. %2,24. 591 milioi euroko fakturazio orokorra izan du EAEko lan sozietateak batzen dituen elkarteak. Baina enpresen kopuruak behera egin du. %2,3 lan sozietate gutxiago daude ASLEren baitan, 644, baina horiek sortu duten enplegua %1,6 hazi da. Une honetan 6.752 pertsonek egiten dute behar lan sozietate horietako batean. 2015 urtea krisitik irteten hasi zireneko urtea izan zen, eta urte hasiera honek joera horri eusten diola berretsi du Josetxo Hernandez ASLEko kudeatzailearen arabera. Eta orokorrean hitz egiteko aukera dauka, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan dauden lan sozietateen erdia eta langileen %80 ordezkatzen duelako elkarteak.
Baina pasa den urtean lorpen berezirik izan baldin bazuten lan sozietateek, hori lege berria bideratzea izan da. Carlos Pujana elkarteko presidenteak esan du ASLEko ordezkariak negoziazioetan egon zirela Espainiako Lan Ministerioarekin, eta legeak lan sozietateak sortzea “asko errazten” duela. Hain zuzen ere, malgutasun irizpideak ematen ditu lege berriak, besteak beste, lan sozietate bat sortu ahalko baitute aurrerantzean bi bazkide langilek. Lege horri esker, eta Europako Gizarte Funtsak lagunduta, 2020 urterako 200 lan sozitate gehiago eta 1.000 lanpostu gehiago sortzea espero du ASLEk.