Elkarrizketa Soziala

Asmo oneko adierazpenak baizik ez Elkarrizketa Sozialerako Mahaian

CCOOko, Confebaskeko eta Jaurlaritzako ordezkari nagusirik gabe aztertu dute koronabirusak eragindako egoera.

Elkarrizketa Sozialerako Mahaia, gaur. BERRIA
xabier martin
2020ko apirilaren 20a
17:31
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuorde Jon Azkueren zuzendaritzan, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko gaurko batzarrak argazki baterako baizik ez du eman. Ez da egon sailbururik, ezta Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurre bera ere. CCOO eta UGT sindikatu parte hartzaileen artean, UGTk bidali du bere idazkari nagusi Raul Arza, baina CCOOko idazkari nagusi Loli Garcia ere ez da izan Lakuan. «Kolaboraziorako eta elkarlanerako» deiak egin ditu Azkuek, eta erakunde bakoitzak azaleko azterketa bat plazaratu du, baina inolako akordioren zantzurik gabekoa, hala edukiari nola epeei begira.

Elkarrizketa Sozialerako Mahaia «erdigune» bilakatzeko helburua helarazi du Azkue sailburuordeak, «neurriak» hartzeko garaian, «enpleguari eta langileen osasunari eusteko». Hurrengo bileretan alde bakoitzari bere alea jartzeko eskatu dio, halaber, «berreraikuntza ekonomikoaren alde».

Eduardo Aretxaga Confebaskeko zuzendari nagusiak jakinarazi du patronalak uste duela «ahalik eta enpresa gehien eta enplegu gehien» aurrera ateratzen saiatu behar dutela eragileek. Enpresen jarduera «adostasunean» oinarriturik lehengoratzen ari dela uste du Aretxagak, eta «borondatea» dagoela «orekari eusteko» jardueraren eta osasunaren artean.

Sindikatuen aldetik, berriz, UGTko idazkari nagusi Raul Arzak eskatu du lanpostuei eusteko plan bat. «Ez dugu itxaron behar lanpostuak desagertu arte; haiei eusteko plan bat behar dugu». Aldi baterako erregulazioan daudenei beren soldaten %100 emateko tresnak ere eskatu ditu, eta langabezia saria eskuratzeko erraztasunak ere bai.

CCOOk Garbiñe Espejo bidali du bilerara, antolaketa idazkaria. DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzak aldatzeko eskatu du Espejok, errazteko DSBEa jasotzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.