Momentu zailak igarotzen ari da Mondragon taldeko Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatiba, eta bere etorkizuna argitzeko “aste erabakigarria” izango da honako hau. Gaur bertan bilera egingo du Mondragoneko Kontseiluak, egoera aztertu eta hartu beharreko erabakiak hartzeko.
Urteetako galerak pilatzen ari da kooperatiba —2007tik %37 jaitsi ditu salmentak—, eta joan den maiatzean Mondragon taldeko kooperatiba guztiek erabaki zuten gerrikoa estutzea Fagor Etxetresna Elektrikoei zenbaki gorrien zulotik ateratzen laguntzeko. Lankidetza eta solidaritate mekanismo bat sortu zuten: 70 milioi euroko BESF Berregituratze eta Enplegu Sozietariorako Funtsa, Fagor Etxetresnen galerei buelta eman eta etorkizunerako bideragarritasuna bermatzeko. Baina krisia gordina da oraindik, eta laguntza hori ez zaio nahikoa Fagorri.
Iaz, esaterako, 89 milioi euroren galerak izan zituen: 1.167 milioi euro fakturatu zituen, 2011n baino %9 gutxiago. Eta aurtengo lehen seihilekoan 60,4 milioi euro galdu ditu, iazko lehen seihilekoan egindako zuloa baino hiru aldiz handiagoa —2012ko lehen seihilekoan 20,3 milioiren galerak izan zituen—.
Horrela bada, laguntza gehigarrien bila dabil kooperatiba, diru gehiago lortzeko. Mondragon taldea finantzaketa iturri berrien bila ari da, eta banku hartzekodunekin akordio oinarri bat ixtear dago. Hainbat komunikabidek iragarri dute kooperatibak 120 milioi euro behar dituela une honetan: 70 milioi hartzekodunei ordaintzeko, eta beste 50 milioi euro Frantziako Brandt filialarekin dituen konpromisoak betetzeko. Fagorreko iturriek ukatu egin diote BERRIAri kooperatibak behar duen diru kopurua 120 milioikoa dela, baina ez dute argitu nahi izan zenbateko finantzaketa behar duen konpainiak.
Hedabide batzuek zabaldu duten bankuekin ixtear den akordio horren arabera, finantzaketa gehigarri hori eskuratzearen truke Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatiba izateari utzi eta sozietate anonimo bihurtu beharko litzateke —kooperatibista ez diren inbertitzaileak sartzeko, eta horrela hartzekodunen lehiaketa edo itxiera saihesteko—, eta atzerriko hainbat filial itxi beharko lituzke. Efe informazio agentziak, ordea, gezurtatu egin ditu bi aukera horiek, Mondragon taldeko iturriak aipatuz.