Emaitza oso onak izan zituen iaz turismoak Hego Euskal Herrian, eta Aste Santuari begira ere itxaropentsu dago sektorea. Giza baliabideen arloko Adecco enpresak egindako ikerketa baten arabera, 5.500 kontratu egitea aurreikusten dute enpresek: 3.300 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 2.200 Nafarroan.
Iazko datuekin konparatuta %3 eta %5 artekoa da igoera. Gehienbat sukaldariak, zerbitzariak eta harrerako langileak beharko dituzte. Elikagaiena da lan kargaren gorakadarik handienetakoa izango duen beste sektoreetako bat, eta elikagaien manipulatzaileen, ontziratzaileen edota kalitate ziurtatzaileen eskaera aurreikusten du Adeccok. Halaber, banaketa enpresetan, aireportuetan eta telefono bidezko zerbitzuetan espero ditu kontratuak.
Adeccoren esanetan, lehen ia jende gazteak bakarrik nahi izaten zuen Aste Santuan lan egin, baina gaur egun lan eske joaten direnen soslaia era askotakoa da. Hizkuntzak dakizkitenak eskatzen dituzte gehienbat enpresek.