Asteartean ukanen dute berriz greba eguna ipar euskal herritarrek

Anartean, Hendaia eta Baionako SNCFko tren gidariek greban jarraitzen dute; laugarren eguna dute

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Erretreten erreformaren kentzea aldarrikatzeko greba eguna izanen dute asteartean Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Hots, erreforma bozkatuko den egunaren bezperan. CGT, CFDT, CFTC, UNSA, FSU, FO eta Solidaires sindikatuek aurkeztu zuten deialdia atzo. Erreforma «injustu» horren alde ez bozkatzea eskatu diete senatariei.

Bihar ere erreformaren aurkako hainbat mobilizazio egingo dira. Baionako Lan Burtsatik abiatuko da manifestazioa, goizeko hamar eta erdietan. Egitasmoa «bertan behera uztea» exijituko diete Frantziako Gobernuari.

Ber mezuarekin dabiltza Baiona eta Hendaiako tren gidariak greba berriztagarria egiten astearteko protesta egunaz geroz. Orainokoan mugimendua ez bada azkar sentitzen, beste sektoreetara hedatu nahian dabiltza. Frantzian, findegietan da greba azkarrenik sentitzen. Hamabi findegietarik 11 itxita edo ixtekotan dira, eta zerbitzuan jarraitzen duen bakarrean bat-bateko grebak senti dira. Garraiolarientzako erreserba stocken eta erregaien inportazioa hasteko baimena eman zuen atzo Frantziako Gobernuak.

Hala eta guztiz ere, erreforma «bururaino» eramatea erabakirik dauka Gobernuak. Hastapen batean ostiralean bozkatzekoa baldin bazen Senatuan, asteartera atzeratu dute. Senatuko presidente Gerard Larcheren ustez, epe «zentzuzkoa» beharrezkoa delako. Senatari bakoitzari bere iritzia aurkezteko aukera emanen zaio. Legebiltzarrean ez zen horrela pasa. Izan ere, bozkatzeko egunean, PSko 165 diputatuk hitza eskatu zuten. Baina 23 diputatu entzun ondoren, Asanbleako lehendakari Bernard Accoyerrek eztabaida etetea erabaki zuen, sozialistek bozketa atzeratzeko beste helbururik ez zutela argudiatuta.

Anartean, protestak jarraitzen du, eta atzoko eguna izan zen horren isla. Gazteak izan ziren kalera ateratako gehienak. Antolatzaileen arabera, 2.000 lagun atera ziren kalera; Poliziaren esanetan, 1.000. Hainbatek aurpegia marrazturik, oihuka, musika eta irri karkaila artean, manifestazio bizia izan zen. Mugimenduak jarraitzen du, eta biltzar nagusiak egiten dabiltza hainbat lizeotan, blokeoaren jarraipenaz erabakitzeko. Frantzian ere sentitu da mugimendua: 4.302 lizeoetarik 900 ziren atzo protestan, UNL ikasleen sindikatuaren arabera. Hainbat herritan izan dira gazteen eta Poliziaren arteko liskarrak, eta sindikatuak argi utzi du: «Errepresioarekin ez dute ahulduko mugimendua».

Arratsaldeko seietan, sindikatuek deiturik, 250 bat lagunelkartu ziren Baionako herriko etxearen aitzinean. Tartean Oldartu kolektibokoak ibili ziren, greba orokorraren mezua zabaltzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.