Urkulluk nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak parte hartu zuela zerga pizgarriak sustatzeko garaian, eta, beraz, arazoaren konponbidean ere parte hartuko duela. "Elkarrekin bagoaz aurrera egiteko berme handiagoa izango dugu", esan du. Irizar autobus ekoizlearen 125. urteurreneko ekitaldian egin ditu adierazpenok.
Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, pizgarriei esker "krisi ekonomiko larri batetik salbatzea" lortu zen. Beharrezkotzat jo du hartutako neurria: "Beharrezko egitasmo bat izan zen beharra zegoen garaian".
Espainiako Ogasun Ministerioak adierazi berri duenez, Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek erabaki behar dute nola ordaindu behar duten opor fiskalen dirua ez berreskuratzeagatik jasotako 30 milioi euroren isuna. Ogasun Ministerioak proposamen bat egin du, baina ziurtzat jotzen da ez dela horrela izango.
Proposamenaren arabera, %65,85 Arabak ordainduko luke (ia 20 milioi), %21,29 Bizkaiak eta %12,86 Gipuzkoak. Aldundien nahia da Jaurlaritzak isunaren %70 hartzea, eta diputazioek gainerako %30. Baina hori Finantzen Euskal Kontseiluan erabakiko dute, asteazkenean.
Efe berri agentziak Eusko Jaurlaritzako Ogasun Saileko iturriak aipatuz dio Jaurlaritzak astelehenean deituko dituela bilerara hiru aldundiak, hura egin baino 48 ordu lehenago.