Fagor Etxetresnak

Astelehenean eramango dute Edesa konkurtsora

Herenegun Fagor Etxetresnen kooperatiba nagusia konkurtsora eraman zuen zuzendaritzak borondatezko eskaera baten bidez Donostiako Gizarte Arloko epaitegian, eta astelehenean Basauriko Edesa eramango du, ezaguna zen moduan.

Edesako langileak, atzo. MARISOL RAMIREZ, ARP
xabier martin
2013ko azaroaren 15a
16:06
Entzun

Basauriko Edesa plantako 230 langileek borroka bizia egin dute egunotan, manifestazio eta itxialdiak tartean, Basauriko Edesako planta itxi ez dadin, baina hura ere Fagorreko enpresa nagusiaren bidetik joango da azkenean. Astelehenerako iragarri du Fagor Etxetresnen Kontseilu Errektoreak konkurtsoa Edesarentzat. Arrasateko San Andres, Garagarza, Bergara eta Eskoriatzako plantak epailearen esku daude jada, eta astelehenean Basaurikoaren txanda izango da.

Aurreko astean Bizkaiko Diputazioak hiru milioi eoroko bermea eskaini zuela eta, esperantza piztu zen Basaurin, baina Sergio Treviño Fagorreko zuzendariak animoak hoztu zituen albistea zabaldu eta 48 ordura. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia Edesara joan zen asteazken ilunabarrean, "enpresa salbatuta" zegoela esatera. Itxialdian zeudenen ilusioak gora egin zuen, baina hitzezko akordio hark ez zuen segida izan egoeraren azterketa sakonagoa egin eta gero. Berme hori ez zen nahikoa Basaurik aurrera egiteko, eta, gainera, arazo juridiko handiak sortuko zituen aukera horrek, Edesa Fagorren zati bat delako, ez enpresa autonomoa. 

Basauriko langileak Fagorreko bazkideak dira, baina ez kooperatibistak, Gizarte Segurantzan izena emanda daudelako. Fagorrek Edesa erosi zuenean 1989an hala erabaki zuten langileek aurreko urteetako kotizazioak ez galtzeko. Hala, langabezia sari arrunta jasoko dute, eta ez Lagun Aroren bidez, Fagorreko beste bazkideek bezala. Dena den, Xabier Bengoetxea Fagor Etxetresnen presidenteak birkokatzen saiatuko direla agindu zien herenegun. Langileak, ordea, beldur dira birkokatzeen zerrendan azkenak izango ote diren, hain zuzen Gizarte Segurantzaren langabezia saria jasotzen arituko direlako eta ez Mondragon taldearen langabezia aseguruaren bidez.

Edesa kokurtsora eramango dutela berretsi eta gero, Azpeitiko Grumal noiz eramango duten jakitea falta da. 148 langile ditu sukalderako altzariak egiten dituen enpresak, eta hura ere epailearen esku utziko dutela iragarri dute Fagor Etxetresnek. Eguerdian Mondragon taldearen aurrean elkarretaratu dira langileak Arrasaten. "Informazio falta" salatu dute. "Zuen arduragabekeria, gure miseria" lelopean aritu dira euren enpleguak defendatzen manifestazioan. Fagorrek 2005ean erosi zuen Grumal.

Eragina ehunka enpresetan

Eusko Legebiltzarreko taldeei erantzunez, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak esan du ehunka direla Fagorren porrotaren eragina sumatuko dutenak, eta langileak milaka zenbatuko direla. "Sistema krisia" eragingo du Fagor erortzeak, azken finean, Urkulluren arabera. "Gogorra eta kostu handikoa" izango da Fagorrek eragindako krisi horren ondorioak gainditzea, eta Jaurlaritza lanean dagoela jadanik ondorio horiek ahal den neurrian apaltzeko. Saio horretan ulertu behar da Jaurlaritzaren "laguntza" bideragarri diren Fagorren zatiei eusteko.

Gobernua hartu eta gero Urkulluren exekutiboak egindako laguntzen kudeaketaren xehetasunak ere eman ditu lehendakariak. Urte hasieran Fagor Etxetresnen zuzendaritzak 263 milioi euroko finantzaketa behar zuen bideragarritasun plan bat aurkeztu ziela esan du, eta Jaurlaritzaren mailegu baten bidez 40 utzi zizkietela. Espainiako ICOk beste 60 jarri zituen. Bigarren bideragarritasun planak 170 milioi behar zituen, eta Jaurlaritza horretan ere "laguntzeko prest" zegoela gogoratu du Urkulluk, baina Mondragon taldeak jartzekoa zen 50 milioi euroko funtsa ukatzean, Lakuak ere atzera egin behar izan zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.