Martxoaren 23an iragarri zuten BBK-k, Kutxak eta Vitalek bat egite hotzerako akordioa lortu zutela, hau da, hiruren finantza negozioa banku batean bilduko zutela eta haren jabetza partekatuko. Helburua tamainaz haztea zela azaldu zuten, «atzean ez geratzeko, merkatu berrietan sartzeko, bezeroei produktu eta zerbitzu hobeak eskaintzeko eta gizarte ekintza bultzatzeko». Iragarpen hura egin zutenetik forma hartuz joan da proiektua. Kutxabank izena jarri diote erakunde berriari, eta administrazio kontseiluek eta batzarrek oniritzia eman diote ; beste hari batzuk lotzeko daude oraindik; lan arlokoak, kasu. Urte berriarekin batera sortuko da erakunde berria, baina jaieguna izaki, hurrengo egunean hasiko da lanean.
Zertarako egin dute bat hiru kutxek?
Hiru kutxen kaudimen egoera ona izan da orain arte, eta erraz gainditu dituzte jarritako probak. Alabaina, finantza sistemaren gainean mesfidantza handia dago, eta kutxen birmoldatzeari heltzea erabaki zuten Espainiako Gobernuak eta Espainiako Bankuak. Erakunde gero eta handiagoak geratzen dira merkatuan, eta tamaina handitzea izan da kutxen helburu nagusia ere. Hala, lehiakorragoak izango direla diote, eta bezeroentzat ere onuragarria izango dela hori.
Zer tamaina izango du Kutxabankek?
Hego Euskal Herrian eta Espainian lehiatzen den zortzigarren finantza erakundea izango da. 75.729 milioi euro izango ditu aktiboetan, eta bi mila milioi eurotik gorako kapitala. 1.300 bulego edukiko ditu, eta bederatzi mila langile.
Baina zergatik banku, eta ez kutxa?
Xabier Iturbe Kutxako presidenteak Martin Ugalde foroan azaldu zuenez, Espainiako Bankuaren araudiak horretara behartu ditu, Espainiak aurrezki kutxak desagertzeko konpromisoa hartu duelako Europan. 2008an 45 kutxa zeuden Espainian eta Hego Euskal Herrian, jada hamalaura jaitsi da kopurua, eta gehienek banku egitura hartu dute.
Banku bihurtzeak zer ondorio izan ditzake?
Teorian pribatizaziorako bidea irekitzen du. Dena den, bat egiteari babesa emateko baldintza gisa, hainbat konpromiso lortu zituen Bilduk kutxekin. Akordioaren arabera, kutxa batek zati bat saldu nahi badu, hiru kutxetako batzarrek onartu behar dute salmenta. Berez, gainerako kutxek izango dute akzioak erosteko lehentasuna, baina nahi ez edo ezingo balute, batzarren esku geratuko litzateke kanpoko norbaiti saltzeko aukera. Adostutakoak ez ditu guztiak konbentzitu. ELA eta Aralar, kasu, bat egitearen aurka agertu dira. ELAren esanetan, kutxek eta Bilduk hitzartutako testuak ez ditu erabat ixten pribatizaziorako ateak, «erakundeek edo administrazioek kontrakoa eskatzen badute» jartzen duelako testuan.
Nork aginduko du Kutxabanken?
BBK-k %57ko pisua izango du erakunde berrian, Kutxak %32koa eta Vitalek %11koa. Mario Fernandez izango da Kutxabankeko presidentea, Xabier Iturbe presidenteordea eta Carlos Zapatero bigarren presidenteordea. Orain artean BBK-ko, Kutxako eta Vitaleko presidenteak ziren, hurrenez hurren. Ignacio Sanchez Asiain izango da zuzendari nagusia eta bankuaren negozioaz arduratuko da —orain artean BBK-ko zuzendari nagusia zen—. Zuzendari nagusi ondokoak Vitaleko eta Kutxako zuzendari nagusiak izango dira: Joseba Barrena eta Fernando Martinez-Jorcano. Erabakiak hartzeko gutxienez bi kutxak ados egon beharko dute, eta horietako bat BBK-k izan beharko du.
BBKren pisu handiak zer eragin izango du?
Erakunde bakar bat osatu eta Bilbon jartzeak zergetan zer-nolako eragina izango duen zen beste zalantzetako bat, Kutxek ekarpen handia egiten dietelako ogasunei. «Neutraltasunez» jokatzea adostu dute, bakoitzaren pisuaren arabera, norbere herrialdean ordaintzea zergak. Gizarte ekintzaren kasuan ere hala izango da: kutxa bakoitzaren portzentajea erabiliko da. Esaterako, irabazien %57 zenbat den ikusiko da, eta kopuru horren %30 gastatuko du BBK-k gizarte ekintzan. Gizarte ekintza kutxa bakoitzak kudeatuko du, bere lurraldean.
Lan baldintzetan izango al da aldaketarik?
Hasiera batean, ez. Langile bakoitzak orain arte zituen baldintzekin jarraituko du, eta langile berriei BBK-ko akordioa aplikatuko zaie. 2013a amaitzerako parekatu nahi dira hiru kutxetako lan baldintzak. Orduei dagokienez, 2012ko urritik aurrera BBK-koetara egokituz joango dira. Neurri traumatikorik ez dutela hartuko agindu dute kutxetako arduradunek. Langileak soberan izanez gero, pizgarri bidezko kaleratzeek izango dute lehentasuna. Lan egindako urte bakoitzeko 55 egun ordaintzeko prest agertu dira kutxak, gehienez ere 45 hilabeteko mugarekin. Erretiro aurreratuen kasuan, langileek gutxienez soldata gordinaren %75 kobratzeko konpromisoa hartu dute.
Zein negoziazio eremu erabiliko da?
Bilduk eta kutxek adostu zuten langileek erabakiko zutela Espainiako edo Euskal Herriko negoziazio eremua aukeratzen duten. Ez dago argi Hego Euskal Herriko langileen iritzia bakarrik hartuko den kontuan ala Espainiakoena ere bai.
Amaitu da bat egitea?
Ez, oraindik ez. Prozesu guztia amaitzerako 2013a izango da. Azken urratsa bateratze teknologikoa izango dela aurreikusten da.
Etorkizunera begira, zer?
Mario Fernandez presidenteak argi eta garbi esan du hazten jarraitu nahi dutela. Bi urteko epean gaur egungo aktibo kopurua bikoizteko helburua ere jarri du Nola? Erakunde berriak eskuratuta.
Bezeroek zer igarriko dute astelehenean?
Aldaketa handirik ez, ohiko bulegoak mantenduko dira, eta orain arteko txartel eta liburuxkekin egin ahal izango dira eragiketak. Itxura aldetik, orain arteko logoek jarraituko dute, baina Kutxabankena ere agertuko da. Praktikan, ordea, hainbat sailek dagoeneko bateratuta funtzionatuko dute, altxortegiak, finantza aholkularitzak eta giza baliabideek esaterako. Abantailen artean, komisioak kendu izana da bat. Hiru kutxetako bateko bezero denak ez du ordaindu beharrik izango beste bietan eragiketak egiteko.
Astelehenetik, elkarrekin, handitzen jarraitzeko helburu argiarekin
Urte berriarekin batera jarriko da martxan Kutxabank; dena den, prozesua amaitzerako 2013a izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu